GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Aimar serio aritu da, finalak une egokian harrapatu du

Joxemari ETXENAGUSIA
Pilotari ohia

Emaitza ikusita ematen ez badu ere, partida gogorra jokatu dutela uste dut. Nire ustez, aldea Abel Barriolak une erabakigarrietan egindako bi edo hiru hutsetan egon da. Seguru asko, Barriolak partidari hasiera bizia ematea pentsatuta izango zuen, sakearekin abantaila aterata. Baina justu kontrakoa gertatu zaio, eta lehen zatian jarri ezinik ibili da. Hala ere, partida ia berdintzea lortu du. Tanto batzuetan bere maila erakutsi du, baina ongien ari zenean, Aimarrek berriz ere sakea kendu dio. Hortik aurrera, Olaizola jaun eta jabe izan da eta Barriolak ezin izan du gauza handirik egin. Orokorrean, Aimarrek oso serio jokatu du, konfiantzarekin, eta esango nuke Buruz Buruko Txapelketak oso puntu onean harrapatu duela. Sakea... egia da gaur goizuetarrak ez duela gehiegi asmatu, baina Aimar ez da inoiz sakatzaile handia izan, pilota luzatu eta baztertu egiten du, eta gaur ere horretan saiatu dela esango nuke. Barriolak Olaizolari jotako pilotakadaz ez dakit zer esan. Aimarrek lekua hartu nahiko zuen eta Abeli pilotak horrela ihes egitea ere ez da normala. Ez nintzateke ausartuko gehiegi gurutzatu zaionik esatera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo