Azpitarte anai-arrebek hirugarren aldiz irabazi dute txapela Seguran
Azpitarte anai-arreba azkoitiarrek berriro irabazi zuten atzo Seguran Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa. Txapela hirugarren urtez jarraian irabazi zutenez gero, Azkotira eraman zuten Nestor Basterretxeak diseinatutako garaikurra. Baratze pilotalekuko harmailetan primerakoa izan zen giroa, batek baino gehiagok oholtzan gertatzen ari zenari baino gehiago irratiari erreparatu bazion ere, Realak behar zuen milagroaren zain.
Martin ANSO | SEGURA
Azpitarte anai-arrebak azkoitiarrak dira. Jon Anderrek 26 urte ditu; Edurnek, berriz, 24. Aparejadorea da mutila; telekomunikazio ingeniaria, neska. Bospasei urte zituztenetik elkarrekin egin dute dantzan. Atzo irabazi zuten Seguran, hirugarren urtez jarraian, Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa.
Hirugarren txapelarekin batera, Nestor Basterretxearen eskultura herrira behin betiko eramateko aukera zuten atzo. Beraz, ohi baino urduriago egoteko arrazoirik ez zuten falta. Oholtzara inoiz baino lasaiago igo omen ziren, ordea. «Gogor entrenatuta etorri gara, eta aurretik egindako lan horrek segurtasun handia eman digu», adirazi zion atzo bertan GARAri Jon Anderrek. «Tabladu gainean oso gustura sentitu gara», gehitu zuen Edurnek.
Gainera, iaz oholtzara ateratzen lehen bikotea izan baziren, aurten azkena izan dira, eta horrek ba omen du bentajarik. «Lehenengo tokatzen denean, askotan ondo berotu gabe eta musikaren erritmoa behar bezala hartu gabe igotzen zara oholtzara. Zenbat eta geroago atera, gero eta zentratuago atera ohi gara», esan zuen Jon Anderrek.
Aldea, zailtasunean
Puntuazioei erreparatuta, Azpitartetarrak erraz-edo nagusitu ziren. Guztira, 382,25 puntu eman zizkieten epaileek. Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrak geratu ziren bigarren, 359 punturekin, eta Mikel Igartua eta Ibane Baseta bergarrarrak hirugarren, 341,75 punturekin.
Atzo ere epaile lanak egin zituen Joxe Juan Ugalde Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Sueltoko arduradunak GARAri adierazi zionez, Azpitartetarrek «merezimendu handiz» irabazi zuten. «Zailtasunean markatzen dute diferentzia; alde horrretatik estilo `akrobatiko' hori berdintzerik ia ez dagoela esan daiteke», gehitu zuen.
Hala ere, bigarren eta hirugarren bikoteak ere nabarmendu nahi izan zituen. «Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrek beste garai bat zabalduko dutela uste dut -esan zuen-. Beren dantza moldea ez da besteena bezain akrobatikoa, baina sena handiko bikotea da. Berdintasunean primeran dabiltza, erritmoa oso zorrotz daramate eta gerritik gora ere dantza egiten dute». Hirugarren bikotea, aldiz, Mikel Igartua eta Ibane Baseta bergararrek osatutakoa, gazte-gaztea da. Hala ere, oso denbora laburrean, ia besteen pare jarri da. «Nire ustez -esan zuen Ugaldek-, bikote hauek, bakoitzak bere modura, ikasitakoarekin hautsi eta patroi berriei begira jartzen gaituzte».
Arratsaldeko ezuste politenetakoa Mikel Villanuevak eta Arantza Larreak osatutako Agoizko bikoteak eman zuen. Itxuratik hasita. Izan ere, Mikel kapelarekin igo zen oholtzara, eta Arantza, berriz, orkatilarainoko gona luzearekin, Agoizkoen antzera, alegia. Itxura hori zetorrenaren seinale baino ez zen. Segurako Txapelketan bikote nafarrek gutxitan hartzen dute parte, eta parte hartzen dutenean, fandango eta ariñ-ariñak gipuzkoar erara-edo egiten dituzte. Mikelek eta Arantzak, berriz, Agoizko bertako pausuak egin zituzten. Are gehiago, ariñ-ariña baltsean bukatu zuten. Jendeak molde berri hori izugarri eskertu zuen. Eta sailkapenean ere oso aurrean egongo ziren Mikel Villanuevak eginiko hutsen batengatik izan ez balitz.
Segurako Baratze pilotalekua jendez beteta egon zen atzo, ohi bezala. Aurkezle lanak Imanol Artolak eta Izaro Iraetak egin zituzten. Guztira, hamabi izan ziren lehiatu ziren bikoteak. Bakoitzak fandango eta ariñ-ariñ bana dantzatu behar izan zituen. Hurrenez hurren, Isilkara txistulari bandak eta Joseba Iparragirre eta Ander San Jose trikitilariek jotakoak.
Lehiaketa baino gehiago ere izan zen. Hernaniko Sarriegi sendiari omen egin zioten Segurako Txapelketak eta Dantzarien Biltzarrak. Sarriegitarrek dantza sueltoari hiru belaunaldiz eutsi diote, eta, hain justu, hiru belaunaldi horietako hamar bat ordezkari igo ziren oholtzara. Hori izan zen, beharbada, arratsaldeko unerik hunkigarriena. Ikusgarriena, aldiz, Kukai konpainiak jarri zuen, «Taupadak» ikuskizuneko zati bat eskainiz. Errebindikaziorako tarterik ere izan zen, «Putxerazorik ez» pankarta zeraman talde bat egon baitzen une batez oholtza aurretan. Txalo egin zuen jendeak.
Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa oso-osorik grabatu zuen ETBk. Asteazkenean emitituko omen du.
Hobekien jantzitako bikoteari ematen zaion lehen saria Eneko Gilek eta Nerea Vesgak hartu zuten; bigarrena, berriz, Xabier Segurak eta Lierni Martiarenak. Bikote gazteenaren saria, Jon Intxaustik eta Iera Maizak; eta gazteen artean ongien sailkatutakoen saria, Jon Ibargurenek eta Estibalitz Arangurenek.