Itzulera
Mikel Goñiren berragerpena, igandean Eibarko Astelenan
Oronoztarrak Lasarekin jokatuko du Patxi Eugiren eta Aritz Laskurainen kontra jaialdiko lehen partidan
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Mikel Goñik datorren igandean egingo du bigarren debuta Aspe enpresarekin Eibarko Astelena pilotalekuan San Juan egunez. Oskar Lasarekin batera, Patxi Eugiren eta Aritz Laskurainen kontra jokatuko du jaialdiko lehen partidan. Horiek hala, oronoztarra goi-mailako pilotara itzuliko da ia bi urtez Ordago enpresarekin ibili eta gero.
Aurrelari nafarrak atzo egin zuen azken proba erabakigarria Eibarko pilotalekuan eta Aspeko teknikariek jokatzeko prest dagoela erabaki zuten. Oskar Lasarekin eta Miguel Capellanekin egin behar zuen saioa, baina Etxarriko atzelariak zaintiratu txiki bat izan zuen eta azkenean Hervias-eko aurrelariaren kontra partida labur bat jokatu zuen Lau eta Erdian.
«Oso ongi ikusi dut neure burua. Fisikoki oso maila onean nago eta jokatzeko prest. Ez diot helburu handirik jarri nahi neure buruari, pixkanaka joan behar da, baina maila horretako partida bat jokatzea niretzat oso garrantzitsua da», aitortzen zuen Mikel Goñik saioaren amaieran.
Eskatutakoa, bete
Badira hilabete pare bat Oronozko aurrelaria Asperen esanetara abian jarri zela. Lehen baldintza pisua galtzea izan zen -10 kilo zenbait komunikabidek zabaldu zutenez- eta bigarrena entrenamenduetan inolako hutsik ez egitea. Orduz geroztik, Goñi buru-belarri aritu da lanean eta, pisua ikaragarri azkar galdu ostean, ikusi dutenek sekulako kolpearekin dabilela aipatzen dute, ezkerrez batez ere.
«Hasieran gehienbat lan fisikoa egiten ibili zen, baina azkenaldian frontoian ibili gara entrenatzen eta jadanik oso kolpe freskoarekin ikusten zaio. Maila ona eman dezake», onartzen zuen Etxanizek, Goñiren lana gertu-gertutik jarraitu duenak.
Gainera, igandean gertatzen dena aztertzerakoan kontuan izan beharko da oso neurketa zaila jarri diotela. Ezin dugu ahaztu, orain dela oso egun gutxi arte askoz maila apalagoko pilotariekin jokatu duela eta horiekin ere partidak irabazteko larri ibili izan dela.
Halere, Mikeli inolaz ukatu ezin zaiona sortzen duen ikusmina da. Igandeko partida ETBk emango du zuzenean eta frontoia leporaino beteko da.
Aspek 2005eko apirilaren 26an hautsi zuen Mikel Goñirekin zuen aurreko kontratua hainbat eztabaida eta gero. Oronoztarrak Ordagorekin fitxatu zuen urte bereko abuztuaren amaiera aldera.