GARA > Idatzia > Pilota

pilota Elhina Torneoa

Sekulako ikusmina dago Waltariren itzulera ikusteko

Hiru asteko atsedena hartu du, eta bihar Armendarizen izango da

Jon LEUNDA | BAIONA

Sekulako ikusmina dago Armendarizen Waltariren itzulera ikusteko. Kubako pilotaria oporretan izan da, eta zaleek berriro ere kantxan ikusi nahi dute.

Atseden hartu aurretik bere mailak behera egin zuen, eta orain ikusgai dago zer nola dagoen, atzo bertan heldu baitzen Euskal Herrira. Atzean Andde Kurutxari izango du, eta Nafarroa Beherekoa saiatuko da amerikarrari ahalik eta laguntzarik handiena ematen.

Aurren, ordea, ez dute bikote makala izango. Etxeberri eta Ozafrain izango dira aurreikuspenak apurtzeko prest daudenak. Aurrelariak Binakako txapelketa bikaina egin zuen, eta lesio txikiren bat izan badu ere, berriro ere mailarik onenera heltzeko prest dago. Zaleek beregan itxaropen handiak jarrita dituzte, oraindik aurrelari gaztea baita.

Patrick Ozafrain, aldiz, betiko moduan dabil, jokatzen dituen lehiaketa guztietan mutur-muturrean izaten baita, eta horrek agerian uzten du bere maila. Ez dira faborito aterako, baina garaipena lortzen badute ere, ez da aparteko ezuste handi horietakoa izango. Etzi irabaztea lortzen duen bikoak, finala heldu den igandean jokatuko du, eta Ibarrola eta Etxeto izango dituzte aurrez aurre, finalerdietan 40-14 irabazi baitzieten Idiarti eta Harizmendiri, joan zen igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo