GARA > Idatzia > Kultura

«Euskal Munduak» irria, negarra eta harridura sortzen dituen erakusketa

Baionako Carré Bonnaten estreinatuko da gaur, irailaren 9a arte, Euskal Kultur Erakundeak sortu erakusketa. «Euskal Munduak» erakusketa hainbat euskal mundutan erakutsi nahian, Lapurdiko hiriburutik Donostiara eta gero Bilbora eginen du salto. Etorkizunean atzerrira ere nahi dute joan antolatzaileek, hala erakusketa lau hizkuntzatan egin dute.

Idoia ERASO | BAIONA

«Gure nortasunetik ikusten dugu mundua, Europako zaharrena den gure hizkuntzak bilakatzen gaitu euskaldun eta euskaldun izateak lotzen gaitu mundura», dio erakusketaren parte den «Euskal Zubiak» dokumentalak. Mundu osoko euskaldunen ikuspegiak eta Euskal Herrian bizi eta euskaldunak ez direnen perspektibak ere presente dira sorkuntzez osatua dagoen erakusketa honetan. Hainbat bizipenen berri izateak sortzen duen zirrara transmititzea da «Euskal Munduak» era moderno eta interaktibo batez lortu duena.

Errealitate ezberdinen mundura sartzeko gortina beltza alde batera erretiratu eta ezagutzaren tunelera sartzen da bisitaria. Zirrara mota ezberdinei atea irekitzen zaie orduan. Irria, My Jokeko gazteek egin «BURP» erreportajeak ematen duen Euskal Herriaren ikuspegi undergroundarekin heldu da. Edota Montrealeko Euskal Etxeko Beñatek bere hirira ongietorria ematen duelarik.

Sentiberenengan negar malkoak eragin ditzaken zirrarak sortzen dituzten testigantzak ere entzun eta ikus daitezke. Argentinako Necocheako Euskal Etxeko euskara irakasle Maite Bilbaok hango egoitzan euskaldunek egiten dituzten ekimenen berri hainbesteko ilusio eta harrotasunarekin ematen du, pizten ahal duela zirrara.

Euskal Herrian bizi denez euskara ikasi duen Keiko Suzuki japoniarraren unadura eta haserre puntua ere sentitzen du ikusleak. Izan ere erreportajearen muina den euskara zergatik ikasi duen galderari etengabe erantzun behar izatearekin nazkatuta dago Keiko Suzuki. Atzerriko hizkuntzak ikastea onartuta den bitartean euskara ikastea ez dela hain ohikoa helarazten du japoniar-euskaldunak.

Harridura sortzen du Baiona, Angelu eta Biarritzeko arte eskolako ikasle brasildar batek Euskal Herriari buruz duen ikuspegiak, surfarekin besterik ez baitu lotzen gure kultura. Bere ikaskideak egin erreportajeak ere bat baino gehiago ustekabean harrapa dezake. Euskaldunen auzokide diren landetarrak ahatearekin lotzen ditu batetik, eta Euskal Herria piperrarekin lotzen du bestetik BABko ikasleak.

Zer ikasi ere eskaintzen du, noski, hainbeste ikuspegi ezberdin eskaintzen dituen erakusketak. «Hamaika zubi» dokumentala euskal errealitatearen ikuspegi orokorra ematen saiatzen da eta ekonomia, kultura eta gizarteari buruz mintzatzen da. Zubia metafora bezala erabiltzen da, eta horrela Bilboko Calatrava, Bidasoa zeharkatzen duen Santiago, Shangaiko Wainbadabu edo Zuberoako Haltzarteko zubien imaginei loturik toki bakoitzeko norbaiten jakituria islatzen da. Horrela Kepa Junkera, Itxaro Borda, Michel Etchebest, Oihana Etcheverry edo Juan Mari Arzak ikus daitezke, besteren artean.

Tunelean barna bisita

Erakusketako oinarri den tunelera sartzean hasten da Euskal Munduen ibilaldia. Murgilketa gunean, bisitariaren pausoak somatzen dituen sentsore batzuek hainbat irudiren aukeraketa artistikoa jarriko dute abian.

Handik ateratzean bigarren modulora heltzen da bisitaria. Euskal dantza, antzerki eta bertsolaritzari buruz Aldudarrak produkzio-etxeak egin erreportajetxoek Euskal Munduen irudi berria emanen dute bertan.

Erakusketaren gehiengoa ikusentzunezkoa bada ere ahozkotasunak bere txokoa badu hemen, Koldo Amestoy ipuin-kontalariaren istorio batekin. Itxaro Borda, Kirmen Uribe eta Jose Antton Artzeren olerkiak entzuteko parada ere ematen zaio bisitariari.

Bideoak eta literatura aurikularrekin bakarka gozatzeko gutiziak ere badira, musika «dutxa» bisitari guztien artean konpartitzeko egina baita. Benito Lertxundi, Ken 7, Maialen Errotabehere, Anari edo Fermin Muguruzaren kantuak erakustokian zehar entzunarazteko botoi bat sakatzea besterik ez da behar.

Hirugarren moduluan diren erreportaje eta dokumental andanarekin batera jostatzeko aukera ere bada. Bi joko proposatzen zaizkio bisitariari. Batek «Nire antzeko euskalduna» du izena. Pantailan agertzen diren aukeren artean norberaren gustuak jarraituz antzeko gustuak dituen pertsona atzeman daiteke. Gastronomian arraina eta gero legatza aukeratuta Josune Bereziartu eskalatzailea hitz egiten azalduko zaigu. Bigarren jokoak, berriz, pertsona ezagun eta ezezagunen euskal nortasunari buruzko iritziak eskaintzen ditu.

Laugarren moduluak forum sortzailea, 120 kantu entzuteko aukera eta Plazaola, euskarari buruzko anekdotak, eskaintzen ditu hiru ordenagailurekin.

Bideoa zein jokoak, baita testuak ere lau hizkuntzatan daude eginak, hau da, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

BIDEOAK ETA MUSIKA

Bideoak eta literatura aurikularrekin bakarka gozatzeko gutiziak ere badira, musika «dutxa» bisitari guztien artean konpartitzeko egina baita. Benito Lertxundi, Ken 7, Maialen Errotabehere edo Anari entzuteko botoi bat besterik ez da sakatu behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo