GARA > Idatzia > Ikusmira

Europako Oinarrizko Errentarik eskasena

Gasteizko Legebiltzarrak Gizarte bazterkeriaren kontrako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiria aldatzea onartu zuen atzo. Hirukoaren eta PSEren botoekin, Oinarrizko Errenta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %1 igotzea onartu zuen eta aurrerantzean gutxieneko soldata horren %88 izango da. Aldaketa txiki hori, ordea, ezin esan hazkunde ekonomikoaren araberakoa denik. Bistan da alderdiek harreman ekonomikoetan errenta handien jabeak lehenesten dituztela, eta atzokoa horren adibidea da. Enpresaburuak gero eta aberatsagoak dira, langileak gero eta pobreagoak, eta babes soziala gero eta murritzagoa. Igoera ongizate gizartearen eredu gisa aurkeztu zuten, aurrerapauso solidario gisa, baina gastu soziala murriztera jotzen duen eredu ekonomiko bidegabe baten sostengua baino ez zen izan. Datuak argi mintzo dira. Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak pobreziaren muga 804 eurotan ezarria du, eta atzo onartutako Oinarrizko Errenta, igoera kontuan hartuta, 500 eurokoa da. Europako baxuena. Errenta horrek, beraz, gehiago du limosnatik duintasunez bizitzeko laguntzatik baino. Eta eskubideek, kasu honetan gizarte eskubideek, ez dute zertan limosnen mende egon. Euskal Herrian eta gisako inguru aberatsetan horrelako gizarte politika egitea eta elkartasunez hitz egitea sarkasmo hutsa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo