GARA > Idatzia > Ikusmira

Protokoloak beharrezkoak dira tortura ezabatzeko, baina bete gabe alferrikakoak

Atzo bukatu zen Nazio Batuetako Torturaren Prebentziorako Hautazko Protokoloa abian jartzeko epea. Tortura Prebenitzeko Koordinadorak, Euskal Herriko Torturaren Aurkako Taldea tartean, Moncloan elkarretaratzea egin zuen Protokolo horren sinatzaileetako baten jarrera, Estatu espainolarena, alegia, salatzeko. Tortura bukatzeko ezinbestekoa da lehenik borondatea, eta Gobernu espainolak borondate falta nabarmena erakutsi du, protokoloa sinatu eta demokrata plantak eginda, baina aplikatzeko inolako interesik erakutsi gabe. Atzo Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministro espainolak emandako aitzakia barregarria izango litzateke kontu hori horren latza izango ez balitz. Ministro espainolak esan zuenez, Protokoloaren gomendioak abian jartzeko sistemak aztertzen jardun dute eta, bestetik, gizarte zibilaren inplikazioa nahi dute. Bitxia da Bermejoren «gizarte zibila», Enrique Mugica Herzog, euskal preso politikoen sakabanaketa eta presoak bakartu eta zigortzeko FIES sailkapena indarrean jarri zituena, eta Leopoldo Torres, GAL direlakoen garaiko fiskal nagusi espainola izan zena, kide dituena. Barregarria baino areago, iraingarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo