Floren Aoiz Idazlea
Belauniko ezin da aurreratu
M-27ko hauteskundeak itsusiak izan baziren, ondotik etorri dena ez da ederragoa. Liskarrak ugaldu dira ia nonahi. Poltronen magnetismoa ikertuz gero, etorkizuneko energia aurkitu- ko genuke, izugarria baita eserleku horiek duten eragina: ikusi besterik ez daude egunotako gertaerak. Ipurdi batzuek poltronara jotzen dute, baina ipurdiarekin pentsatzea ez da ideia ona.
Nafarroan hauteskundeak distortsionatuta gelditu ziren ilegalizazioak eman zirela-eta, eta UPNri bidea ixteko grinak ere hainbat nahasketa sortu du. PSN eta NaBai baliatu ziren grina horretaz bozak lortzeko, eta iragarri zuten aro berriari ekiteko aukera haien eskutan zegoela. Jende askok sinetsi egin zien, edo bederen, pentsatu zuen hobe zela hori Sanzek jarraitzea baino. Ez da zaila irudikatzea hausnarketa horien arabera boza eman zuen jende askoren zapuzketa. Boza ez da kontratua, alta, eta boza ematean okertzen denak ezin du atzera egin. Ongi dakite hori iruzurgileek!
Dena den, hau ez da ikusten ari garen zikinkeria bakarra. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziaketa prozesuan ikasi dugu etsipenak ez duela fruiturik ematen, eta belauniko jarriz gero dena behetik gora ikusten dela. Hauxe gertatu zaie NaBaiko buruei. Gaizki hasi ziren: eduki politikoak baztertu, PSN goraipatu; aldaketaren ikur gisa aurkeztu ziren. Ezer negoziatu baino lehen bazekien Purasek lotuak zituela NaBairen bozak. Hala zaila da negoziatzea. Oparien salneurriak ez dira eztabaidatzen.
Iruñean eta Nafarroako Parlamentuan bat egin du PSNk UPNrekin. Serio jarri dira NaBaikoak, baina berandu da haserre itxura egiteko. Beranduegi!
Belauniko ezin da ezer ere negoziatu. Etsipenak ez du inor indartzen. Oinarri politikoak bide bazterrean uzteak ez zaitu indartsuago bilakatzen, ahulago baizik. Estrategia ahulek ahulezia ekartzen dute, baita milaka boza bilduta ere.
Finean, aurrera joateko ibili egin behar da, ez belauniko jarri. Borrokarena bide zaila da, jakina, etsipenarena baino gogorragoa. Baina, nora eramaten zaitu etsipenak?
Batzuek espero zuten poltronetara eramatea, baina, kasu...!