GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

Fúnbol, fúnbol, fuuuuuunbol

Ezer baino arinago, argi utzi gura dut kontziente naizela idaztera noan artikulu honekin «lagun pilo-pilo bat» egingo ditudala. Kontziente naiz, baina beste hainbat eta hainbat gauzarekin gertatzen den legez, egia esan niri bost axola, zeren eta norbaitek esan beharko baitu, nahiz eta harrikadaren baten arriskupean gelditu.

Beste gai batzuekin gertatzen ez den legez, funbolarekin askotan eztabaidarako tarterik ez da egoten. Politikoki norberarengandik urre dauden lagunekin ere zenbaitetan ez dago modurik gai hau ateratzeko, eta kontua da pertsona normal, argi eta burutsuak bat-batean transformatu eta itsutu egiten direla, besteok zur eta lur gelditu bitartean. Beraz, artikulu honekin ez dut inor mindu gura edo inori ezer aurpegiratu, baizik eta zenbait kontu erreflexiora atera.

Futbol «profesionala» deitzen den horrek sekulako marketing bide ona garatu du urteen poderioz bere negozioa gero eta indartsuago egin ahal izateko. Beste enpresa batzuen kasuan -enpresa gehienen kasuan- biziraupena eskaintzen duten produktuaren eskaeraren araberakoa izaten da. Esate baterako, norbaitek pintura denda bat ipintzen badu eta bat-batean hori modaz pasatu eta mundu guztiak etxeetan paper margotua jartzen badu, litekeena da denda horrek laster batean porrot egitea.

Hala ere, futbolak beti dauka eskaera, enpresak berak sortua eta marketing teknika modernoekin elikatua. Izan ere, enpresa hauek -zeren eta denaren gainetik milioiak mugitzen dituzten enpresak baitira- saltzen dutena, eurek askotan esaten duten modura, «espektakulua eta emozioa» da. Hortaz, emozio edo irrika hori bestelako emozio edo sentimenduen bitartez elikatzen dute.

Kasu honetan futbolzaleak ez dira produktuaren «erosleak», merchandising produktu garestiak eta bai zelaian bai telebistatik ikusteko ordaintzen diren partiduak kenduta. Aurrekoa berez nahiko negozioa da, hala ere, futbolzaleak ezinbestekoak dira benetako erosleek, hau da, anuntzioak ipintzen dituzten enpresek talde hori eros dezaten. Jarraitzailerik ez daukan futbol taldeak publizitate eskasa lortuko du. Eta hori enpresaburuek ondo dakite eta bakoitzak jotzen du egokien ikusten duten bidetik, baina denak «sentimendu» horiek erabiltzen dituzte. Athleticek, esaterako, jakin badaki afizioari heltzeko moduetako bat atzerriko fitxajerik ez egitea dela, taldea «bertoko» zerbait moduan saltzen baitute, sentimendu «abertzalea» erabili ahal izateko.

Bestetik, talde batekoa edo bestekoa izateko arrazoia sinple-sinplea da: segun eta nongoa zaren, talde horixe dagokizu, bizkaitarrak Athletic, naparrak Osasuna..., berdin zelako jokalariak dauzkaten edo zelan jokatzen duten. Kontua da «kolore» horiek «defendatu» behar direla, kolore horien atzetik, diruaz gain, defendatu beharreko beste ezer balego bezala. Galtzen badute ere, sentimendu artifizial horiek erabili behar eta, horrela, Kelerrek, patrozinadoreetako batek, alegia, anuntzio samur-samurra egin du Errealaren kontura.

Eta hau guztia ez dago nork ukatuko duen, klubetako enpresaburuek ematen dituzten hitzaldietan ere horrela onartzen eta azaltzen dute eta. Orduan, zelan da posible hainbeste jende hain itsututa egotea? Hain «taldezaleak» izatea batzuk? Ondo edo txarto pasatzea partiden eta ligen kontura?

Eta batez ere horietako askok bere burua ezkertiartzat daukatenean. Horrek bai egiten duela min handia ikustean. Egin dezatela negar Fagor edo Euskaltelen irabaziek behera egiten dutenean, que total, también son «mú de aquí y mú nuestras».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo