Jai parekideen alde lanean da aurten ere Bilgune Feminista
Jendarte parekide baten bidean, jai parekide eta herritarrak lortzeari garrantzitsua deritzo Euskal Herriko Bilgune Feministak eta hori eskuratzeko asmoz, kanpaina berri bati ekin dio. Kutsu sexista duten jarduerak jai egitarauetatik desagertzea, emakumeen parte-hartzea sustatzea eta jaien baitan ematen diren eraso sexistekin bukatzea dira kanpainaren xede nagusiak. Lana aurrera eramateko ordea, jai batzordeen elkarlana garrantzitsutzat jo dute.
Oihana LLORENTE |
Jendarteak parekidetasunerantz egin beharreko eraldakuntza prozesuan, festak guztionak eta guztiontzat izateari «hil ala bizikoa» deritzo Euskal Herriko Bilgune Feministak. Horiek hala, mugimendu feministak lan andana gauzatu du azken urteetan herri jai parekideen alde.
Aurtengoa ez da salbuespena izanen eta horregatik kanpaina berria abiatuko du Bilgune Feministak. Gainera, lan hau, aurreko urteetan egin bezala, herri eta auzo ugaritako jai batzordeekin elkarlanean gauzatuko dutela jakinarazi dute. Atzo egindako agerraldian, bertako eledun Izaskun Guarrotxenak hiru helburu zehaztu zituen.
Lehen xedea, kutsu sexista duten ekimen eta jarduerak jai egitarauetatik desagertaraztean datzala zehaztu zuen. Bilgune Feministaren aburuz, emakumeen rol tradizionala goraipatu eta horri eusten dieten ekimenak ugariak dira Euskal Herrian barna egiten diren jaietan eta horiekin bukatzeko irudimena dela armarik baliagarriena irizten dute.
Bigarren ildoa emakumeen parte-hartzea sustatzea da. Bai festen antolakuntza eremuetan, bai jaietan bertan, emakumeen presentzia urria dela uste du mugimendu feministak eta gainera, emakumeak jaien prestakuntzan parte hartuz gero ere, lanaren banaketa rolen araberakoa ematen dela salatu zuen Guarrotxenak.
Jaien baitan ematen diren eraso sexitekin amaitzea ere Bilgune Feministaren apustua da eta horretarako prebentzioan eta salaketan oinarrituko dute euren lana. Eraso hauekin amaitzea guztien lana izanik, jai batzordeetatik neurriak plazaratu beharko liratekeela deritzo Bilgune Feministak. Haien artean, erasoak eman ohi diren espazioak, hau da «gune ilunak» seinalizatzea edota erasotzaileen aurkako «mezu tinkoak» kaleratzea aurreikusi zituzten.
Erasoa gertatu ondoren aldiz, erantzun protokoloa zehaztea ere garrantzi handikoa dela uste du mugimendu feministak; kalean eman beharreko erantzuna edota erasotuak eduki beharreko atentzioa zehaztu beharra nabarmendu zuen Guarrotxenak besteren artean.
Alarde bakarra eta parekidea
Gaur zortzi izanen den Irungo alardearen inguruan ere bere iritzia plazaratu nahi izan zuen Bilgune Feministak.
12 urte beteko ditu aurten emakumearen parte hartzearen aldeko borrokak eta hortaz, alarde mistoan parte hartzen duten gizon eta emakumeei euren «besarkada eta animo sutsuenak» eskaini zizkieten. Alta, instituzioek egindako lana gogor gaitzetsi zuen Guarrotxenak. Udala, Lakuak edota epaitegiek «joko elektoralista eta makurra» egiten dutela deritzo eta eraginkorra izan behar zuen Berditasun Legeak, emakumeen parte hartze parekidea lortu ez duela nabarmendu zuen.
Emakumeak jaietan aktiboki parte hartzea, eraso sexistekin amaitzea eta kutsu sexista duten jarduerak jai egitarauetatik desargertzea dira udako kanpainaren xede nagusiak.
Irungo eta Hondarribiko alardea, bakarra, parekidea eta publikoa izan dadin neurriak hartzeko deia egin zien erakundeei. Emakumeei aldiz, datorren larunbatean Irunera bertaratzeko gonbita egin zien.