GARA > Idatzia > Kultura

Phillippe Garrel zinegile independenteari atzera begirakoa eskainiko dio Zinemaldiak

Estatu frantseseko zinemagintza independentearen ordezkari da Garrel, «nouvelle vague» korrontearen ondorengoa. Hala ere, bere obra zeharo ezezaguna da gurean eta hori samurtu nahi du Zinemaldiak.

GARA | DONOSTIA

Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 55. edizioak Phillipe Garrel Estatu frantseseko zinegile independenteari eskainiko dio atzera begirakoa.

Garrel nouvelle vague korrontearen ondorengo zuzena da eta Robert Bressonen eta Jean Eustacheren eragina ere jaso du. 1964an murgildu zen zinemagintzan eta, bere ibilbidearen hastapenean zine isolazionista lantzen zuen arren, historia garaikideko pasarte garrantzitsu batzuk ere erretratatu zituen. Bere filmetan gai anitz jorratu ditu, esaterako, bikoteen harremanak, drogak eta zinearen jarduera bera.

Philippe Garrel aktore familia bateko kidea da. Maurice Garrel aktore beteranoaren semea da, Thierry Garrelen anaia (La Sept-en egile erabakigarrietako bat) eta Louis Garrel aktorearen aita. Azken hori oso ezaguna da Bernardo Bertolucciren «The Dreamers» («Ameslariak») filmean eginiko lana dela-eta.

Bere ibilbidean nortasun handiko emakumezko aktoreekin egin du lana, hala nola, Nico, Jean Seberg, Bulle Ogier, Tina Aumont, Anne Wiazemski, Emmanuelle Riva, Mireille Perrier, Anémone eta Catherine Deneuve.

Bere filmak sentimenduz josita daude. «La cicatrice intérieure» (1970) filmean, bere lehen garaiko esanguratsuenetakoan, gordintasuna zen nagusi. «Un ange passe» (1975), «L'enfant secret» (1979), «Les baisers de secours» (1988), «La naissance de l'amour» (1993) -John Calen musikarekin-, «Le vent de la nuit» (1998) eta «Les amants réguliers» (2005) lanetan, aitzitik, emozioa gailentzen da. Azken pelikula horri esker Veneziako zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia jaso zuen.

Zinema aretoetan lekurik ez

Garrelen atzera begirakoaren bitartez, Estatu frantsesean egun egiten den zinemaren erreferente baten lana ezagutarazi nahi dute. Garrel, baina, zine modernoa jorratzen ari diren zenbait zinegileren inspirazio iturri da, Gus Van Sant, Olivier Assayas eta José Luis Guerinentzat, kasu. Hala eta guztiz ere, gure zinema aretoetan sekula ez diote Garrelen obrari tokirik egin, Zinemaldiko antolatzaileek nabarmendu zutenez. Gainera, Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Garrelen lanari buruzko liburua argitaratuko du.

Garrelen atzera begirakoarekin batera, Henry King zinegile klasikoarena eta Europa iparraldeko zinemari buruzkoa ere izango dira 55. Zinemaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo