GARA > Idatzia > Euskal Herria

Apaolazaren aurkako bista izan zen atzo preso duten espetxean bertan

GARA |

Joan den astean Quebecen atxilotutako Iban Apaolazak bista izan zuen atzo haren atxiloketa berrikusteko. Hasiera batean bistak Montrealgo epaitegian izan behar baldin bazuen ere, berri agentziek jakinarazitakoaren arabera, «segurtasun arrazoiak medio», preso duten Riviere des Prairies espetxean bertan izan zen.

Berri agentziek diotenaren arabera, Apaolaza Levis herritik zetorren itsasontzitik jaitsi ondoren atxilotu zuen Polizia kanadiarrak, joan den asteazkenean, hilak 20.

Epaitegiek Apaolazaren atxilotzea luzatuz gero, zazpi egunetik behin era honetako bistak gauzatu behar direla dio Kanadako legediak. Era berean, Kanadako agintariek beraiek beasaindarraren kanporatzea erabaki dezaketela diote berri agentziek.

Gainera, honakoa ez da azken egunetan Estatu espainolaz eta frantsesaz gaindi egindako atxiloketa bakarra. Kanadako Poliziak joan den ekainaren 1ean Bittor Tejedor bilbotarra atxilotu zuen Vancouverren. Berri agentziek atzo zabaldutakoaren arabera, Tejedorrek, preso hartu ostean, babesa eskatu zion Kanadako herrialdeari eta hortaz, irailaren erdialdean bere eskaera aztertzeko bista izanen dela adierazi dute.

Errepresioaren aldeko apustua

Askatasunak gogor kritikatu zuen nazioarteko hainbat herrialdeetan euskal iheslarien aurka emandako jazarpena. Estatu espainolak prozesu demokratikoan aurrera egin eta horretarako nazioarteko babesa bilatu ordez, errepresioaren aldeko apustua egin izana kritikatu zuen.

Beasainen, Apaolazaren herrian, 70 laguenk manifestaldia egin zuten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo