GARA > Idatzia > Real Sociedad

Bigarren Maila

Lotina badoa taldetik, Ribera eta Dominguez bezala

Meñakako entrenatzaileak prentsaurrekoa eskainiko du gaur erabakiaren arrazoiak azaltzeko

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Gaueko lehen orduan iritsi zen albistea, Realaren webgunearen bitartez: Miguel Angel Lotinak ez du Realean jarraituko datorren denboraldian. Bertan argitaratutako prentsa ohar laburrean Jose Luis Riberak eta Eduardo Dominguezek ere Reala utziko dutela argitu zen.

Realak jakinarazitakoaren arabera, hirurek kluba uzteko erabakia hartu dute. Meñakako entrenatzailearen kasuan, taldea uzteko erabakia Realarentzat «onena delako». Dena dela, Lotinak prentsaurrekoa eskainiko du gaur, goizeko 10.00etan Zubietan, azalpenak emateko eta zaleez agurtzeko.

Prentsa oharrean, Lotinaren Riberaren eta Dominguezen lana eskertu zuen klubak. «Realak egin duten lana eskertu nahi die hirurei eta etorkizunean zorterik hoberena opa nahi die bai alor profesionalean bai pertsonalean», zioen oharrak.

Gauzak horrela, gaurko prentsaurrekoan erabaki horien nondik norakoei buruz zer edo zer gehiago jakingo da.

Igoerarekin gora eta behera

Orain jakiteko dago zein izango den entrenatzaile berria. Helburua igoera izango da, baina bistan da Bigarren Mailatik Lehenengo Mailara igotzea zaila dela. Dena den, estatistikei begirada bat emanez gero, igotzeko aukera gehiago izaten ohi dute jaitsi berri direnek.

Hain zuzen ere, azken hamar urteetan, 1998-1999, 2003-2004 eta aurtengo denboraldia kenduta, igo direnen artean beti egon da urtebete lehenago jaitsi den talderen bat.

Era berean, Bigarren Mailan geratu behar izan duten gainontzeko jaitsi berrietatik bat, gutxienez, aurreko postutan ibili izan da.

Extremadurak, Villarrealek, Betisek, Sevillak -azken bi hauek urte berean-, Racingek, Zaragozak, Celtak eta Levantek jaitsi eta hurrengo denboraldian igotzea lortu zuten. Beste batzuk oso gertu geratu ziren puntu bakar batzuetara: Atletico de Madrid, Salamanca, Las Palmas, Alavés, Recreativo eta Valladolid, besteren artean.

Estatistikak besterik ez dira honako hauek, baina Realak, Celtak eta Nastic taldeak behintzat badute zertan oinarritu ilusioa sortzeko. Hori bai, donostiarren kasuan bederen, kirol politikan aldaketa sakona egin beharko dute. Zoritxarrez, komunikabideetako zenbait solasaldietan entzundakoak ez du horretan laguntzen.

«Aditu» asko fitxatu behar dela eta igoera berehala erdietsi behar dela ari dira esaten, eta hala harrobia berriro ere gutxiesten dute. Jaitsiera urrats bat atzera izan daiteke gero bi aurrera emateko. Baina horretarako Realak bere nortasuna berreskuratu behar du, Bigarren Mailako talde arrunt bilaka ez dadin.

Igoera dela eta ez dela, Realaren webguneko elkarrizketa batean, Gorka Elustondok Lehen Mailara bueltatzea beren eginbeharra dela nabarmendu zuen atzo. «Futbolaria zarenean, zure helburua Lehen Mailara iristea da, onenen artean jokatzea, munduko Ligarik onenean. Bigarren Mailan ere talde onak daude, baina gora bueltatu behar dugu. Horretarako, prestaketa ona egin behar dugu, lehen partidutik hasita topera egiteko, denboraldiaurrea barne», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo