Iluntasunari keinua egiten dion erakusketa du Jauregik Ekainen
Koldobika Jauregi alkizarraren «Ixilunea» izenburuko erakusketa ikusgai dago ostegunetik Donostiako Ekain galerian. Bertara eraman dituen lan guztien arteko lotura akaso inoiz baino estuagoa dela aitortu du artistak, eta orotan ere iluntasuna antzeman daitekeela azaldu du, «urteetan dudan obsesio horrekin jarraitzen baitut». Dena den, erakusketa horretan berrikuntzarik ere bada, estreinakoz bitxigintza arloan murgildu berri da-eta eskultore ezaguna.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Hogeita hamar bat urte daramatza artearen munduan Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959) eta ibilbide profesionaleko egungo egoeran gustura dagoela aitortzen du. «Horrela geratzeko sinatuko nuke», dio irribarrez.
Batik bat eskulturari egindako ekarpenengatik egin da urteotan ezagun alkizarra, eta ez dio aterik ixten esparru horri, ezta gutxiago ere. Baina, iraila arte Ekain Arte-Lanak galerian ikusgai duen erakusketarako urteotan sekula jorratu ez duen sormen esparrurik ere badago: bitxigintza. Urrean eta zilarrean diseinatu eta egin dituen bitxiak dira, gehienak ere lepokoak, eta pieza oro orijinalak.
«Pieza bakarrak dira, bai, eta uste dut, gainera, ez duela zentzurik serie bat egiteak. Akaso noizbait egingo da, baina oraingoan guztiak dira orijinalak».
Bere ohiko eskultura eta lan handien eskala txikitu edo erabat murriztu behar izan du esperientzia berrian. «Burdina zulatzen hasi, eta hori eskala txikian nola ikusiko ote zen pentsatzen hasi nintzen. Lanean hasi eta hortik abiatuta, zergatik ez saiatu bitxiekin? Proba dezagun!», otu ei zitzaion.
Aurrera begira ere saiakera horri jarraipenik emango ote dion itaunduta, zera esan zuen: «Ni gauza batekin jartzen naizenean oso aspergarria izaten naiz -barreak-, burua ez dut jakiten non utzi batzuetan! Bilborako segur aski egingo ditut beste bitxi batzuk, liburuaren gaiari lotutakoak, baina gerora ez dakit. Egia esan, orain arteko esperientzia hau oso ona izan da, sorpresa bat. Iluntasunean ibiltzen naiz ni, baina urrea zilarraren gainean, ordea, oso ongi geratzen da. Esperientzia benetan ona da; eskala da ezberdina».
Berea ez ezik, urrats bera egin duten sektoreko beste batzuen esperientziak ere aipatu ditu Koldobika Jauregik. Berriki, adibidez, apropos joan zen eskultore baten bitxien erakusketa bat ikustera: «Kristoren sorpresa izan zen, txiki-txikiak ziren piezak eta a ze gauza polita. Saltzailea ere pixkat harrituta zegoen. Bitxitegi batean zeuden lanak ikusgai eta harrituta zegoen normalean bertara joaten ez zen jendea zihoalako hura ikustera -arte erosleak eta artea gustuko duen jendea-, eta haiek ziren, gainera, erosten zutenak. Eskultore baten bitxiak erosi nahi zituzten-eta», nabarmendu du.
Lan oro dira «erabat berriak»
Bitxiekin batera, orotara 70 bat lan prestatu ditu, espreski, «Ixilunea» erakusketarako azken hileotan. Berak laburbildu duenez, «Ekainen daudenak gehienbat izango dira burdin gainean egindako zenbait lan. Eta beste zenbait kuadro ere burdinarekin lotutakoak. Akaso azken momentuan eskultura bakarren bat ere ekarriko dut -galeriara-, baina helburua bitxiak eta burdin lanak erakustea da, guztiak erabat berriak direlako. Berriak dira burdinezko lanak, orain arte ez bainuen burdina zulatzen, eta hemen zulatuta agertzen dira, baita egurra ere. Hori da berritasunetako bat. Akaso iluntasun horren bila nabilelako-edo, zulatzen hasi naiz eta konturatu naiz iluntasuna dagoela. Motiboa da niretzat inportanteena, zulatzea eta iluntasun ilun hori bilatzea».
Hori litzateke, beraz, artelan guztiek gordetzen duten lotura, «inoiz izan duten estuena, beharbada». «Zergatik iluntasuna? obsesio bat dudalako hainbat urtez, eta jarraitzen du. Alemanian egon nintzenetik hasi zitzaidala uste dut. Akaso iluntasunak halako aukerak ematen dizkizulako ere. Ez dakizunean ondo zuloa zuzen ote doan, edo iluntasun horretan zer dagoen... Gu gehiegi mugitzen gara bistarengatik, ikusten dugunarengatik, eta ahalmen hori galtzen dugunean erabat galduta gaude. Azkenean sentsazio fisikoena baino gehiago da psikologikoena. Beldur guztiak kokatuta daude iluntasun horretan, baina aukera guztiak ere, espazioko lurretik kanpo egongo bagina bezala. Iluntasuna negatiboa ez ezik, baikorra dela, burua amets egiteko garbi izatea da».
Finean, orain ohartu omen da «gehiago interesatzen zaidala koadroaren atzean dagoena aurrean dagoena baino».
Materialari dagokionez, zera laburbildu zuen gero: «Burdina eta urrea erabiltzea ere garrantzitsua iruditu zitzaidan, alde batetik burdina delako materialik pobreena eta ugariena lurrean, eta bestetik, urrea justu alderantzizkoa delako, aberatsena eta gutxien dagoena. Bien kontrastea da, bi mutur horiek bat eginda daude, baina ez konfrontazio bezala. Klariona ere gehitu dut gero».
Artistak baditu beste hainbat proiektu ere esku artean. Izuran, Nafarroa Beherean, eskultura erakusketa ireki berri du, uztailean Altzürükün (Zuberoa) izango dira bere lanak. Irailean Gueñesen aurkeztuko dituen eskultura handiak prestatzen egin beharko du udara. Bilbon ere izango da irailean, Errioxan ere...
Erakusketa: «Ixilunea».
Non: Ekain Arte-lanak galerian. Iñigo kalea, 4. (Donostia).
Noiz: Irailaren 10a arte.
Ordutegia: 11.30etik 13.30era eta 17.30etik 21.00etara. Igandeetan itxita.