GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lepotik eztiki hartuta, amen

Hor ibili naiz, prentsan niri arreta sortzeko moduko gairen bat aurkitu nahian. Aspertuta ibili naiz Batzar Nagusietako mahaiak zelan eratu diren begiratuta, politikaren zooan ikusgarriagoak iruditzen zaizkidalako kaiolak berak animaliak baino. Ume garaiak etorri zaizkit une batez burura mahai-eratze horienak ikusita, aitak domeka goizean plaza berrira kromoak trukatzen eramaten ninduenekoak; haiexek bai trukaketa jatorrak!

Tira, beste gairen bat behar dut. Horra! hauxe pagotxa! Vatikanoko herritik dator notizia. Elizak manamendu berriak atera ditu auto gidari kristauentzat! Nonbait Mahoma mendira ez badoa, mendia Mahoma- rengana joan bezala honetan ere kristauak elizara ez badoaz, eliza bera sartuko zaie autoan. Letra larriak baino ez ditut irakurri, baina nahikoa, hala ere, manamenduen nondik norakoak susmatzeko; izan ere, eta hau gure artean gera bedi, gaztetan kristaua izan nintzen denbora motz batez, gidatzeko baimena atera aurretik, hain zuzen. Bai, imajinatzen nago zelakoa den elizaren auto-doktrina. Amen. Horrela esan behar da, omen, autora sartu eta bolanteari eusteko momentuan, beti ere euste samur eztitsua izanda. Amen esanda santuen bilduma eskularru-kaxatik atera eta ezkerretik eskuinera zabaldu behar da haizetako kristalaren behealdean, Kristobalena airbagen ondoan ipinita. Arrosarioa eskuan arrosarioa errezatu eta segurtasun-uhala lotzeko moduan dago gidari kristaua, asko estutu gabe, hala ere, estutzea barruan daukagun biolentziarako grinaren zantzua da eta. Uhala eztitsu lotu eta aitarena bitan eginda, giltzari eusteko moduan dago gidari kristaua, euste gozoa beti ere. Rnnnn! Badoa kristaua A-8ko kalbario biderantz, zerua irabazi nahian. Gainera, Elizak kit bat atera du gidari kristauari laguntzeko, nomina bere bankuetan helbideratuta dutenei oparitzekoa; besteak beste, CD eroso batean aitagurearen kanta dakar kit horrek, semaforoen gorrialdiak gozatzeko modukoa, aparteko bertsioa ere baduela familian kantatzekoa. Eta birao kristauen liburuxka ere, eskuinari bidea eman behar zaion bidegurutzetan erabilgarri. Akabo orain arteko ukabilka eta kawenka ibiltze hori, aurrerantzean istripua sortu duenarengana joan eta eztiki lepotik hartuta «Como brotes de olivo» kantatu behar du gidari kristauak lepo ingurukoa haginkada gozoaz ubeltzen duela...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo