Uharte-Arakil eta Arbizuk eman diete hasiera udako jaietako txangoei
Udako ekinozioak bereizten ditu udaberria eta uda, baina festazaleek San Juan eguna (edo hobe esanda bezpera) dute mugarritzat. Izan ere, santu horretatik aurrera etortzen dira uda garaiko festarik gehienak. Arbizu eta Uharte-Arakil dira, beste herri eta hiri askorekin batera, muga-mugan kokatzen direnak. Herrietako jaien hasieraz gain, ordea, Sakanako Jaibus zerbitzuaren lanik gogorreneko garaiaren hasiera ere badakarte San Juanek. Noski, festazaleon onerako!
Iker IRIARTE |
Uda iritsi da dagoeneko. Halaxe adierazten digute bai egutegiak, bai eguraldiak (tarteka besterik ez bada ere) eta baita herrietako jaien bat-bateko berpizteak ere. Besteak beste, Uharte-Arakilek eta Arbizuk eman diete hasiera beraien jai nagusiei. Ostiralean piztu zuten lehenengo suziria Uharte-Arakilen. Atzo, berriz, Arbizuren txanda izan zen.
Arratsaldeko seiretan ekin zioten jaiari uhartearrek. Ohitura duten bezala, merienda eder batekin gozatuz eta trikiti hotsak entzunez eta dantzatuz. Pilotaren, zezensuzkoaren eta dantzaldiaren ostean, hainbat ekitaldiz gozatu zuten atzo herritarrek zein bertara hurreratutakoek: buruhandi eta erraldoiak, txarangak, herri bazkaria, dantzaldia, eta abar.
Atzo Arbizu izan zen jaien suziria piztu zuena, eta ohitura den moduan, bertako alguazila izan zen metxa isiotzeko ardura izan zuena. Gure inguruko hainbat herri eta hiritan hainbeste iskanbila eta zeresan sortzen duen arazoari konponbide erraza bilatu diote arbizuarrek.
Eguraldi ona eta jai giroa nagusi dira udan. Ondorioz, festazaleen joan-etorriak ugaldu egiten dira, eta horrek, aldi berean, izugarri handitzen du trafiko istripuak izateko aukera. Hain zuzen ere, horiek saihestea da Sakanan diharduten hiru gizarte zerbitzuek -Irurtzun ingurukoa, Etxarri-Aranatz ingurukoa eta Altsasu ingurukoa- eta Sakanako Mankomunitatek elkarrekin antolatzen duten Jaibus zerbitzuaren helburua. Horretarako, festazaleak beraien herrietatik jaietan daudenetara eramaten ditu Jaibusak, baita ekarri ere.
Gizarte Zerbitzu horietako prebentziorako teknikariek GARA egunkariari adierazi diotenez, Jaibusak dagoeneko bost joan-etorri egin ditu aurten. Hori bai, asteburu honetatik iraila bitarte-edo izango du bidaiari kopuru handiena.
Zortzigarren urteurrena
Jaibus zerbitzuak zortzigarren urteurrena ospatzen du asteburu honetan bertan. Izan ere, prebentzio teknikariak azaldu digunez, duela zortzi urteko San Juan jaietarako abiarazi zuten zerbitzua. Horrek izan zuen harrera ona ikusirik, bost bidaia gehiago antolatu zituzten urte horretan bertan. Goranzko joerak orain artean iraun du eta aurten hamazazpi larunbatetan antolatu dituzte joan-etorriak -28 jaietara iritsiko da-, hasi Erroz eta Egiarretatik, eta Ziordiaraino. Iaz, esate baterako, 4.000 erabiltzailetik gora izan zituen Sakanako Jaibusak.
Berriki zehaztu dute uda honetako egutegia. Teknikarien hitzetan, berrikuntza nagusia zerbitzua handitzea izan da: «Orain arte, herri gehienetako jaietara joateko bi autobus antolatzen zituzten eta hiru Etxarri-Aranatzeko eta Altsasuko festetarako». Aurtengoan, ordea, hiru autobus jarriko dituzte Bakaiku, Ziordia eta Lakuntzako festetarako ere.
Teknikarien hitzetan, zerbitzuaren erabiltzaileak gazteak dira batez ere. Hori bai, itzulerako bidaietan nagusiagoak ere ageri dira. «Adin guztientzako eskaintzen den zerbitzua da», gogorarazi dute teknikariek. Izan ere, zerbitzua ez da soilik gazteentzat eta helburua autoz ibiltzen direnak ere erakartzea da. Urteko azken Jaibusetan bidaiari guztiei balorazio orri bat eskaintzen zaiela ere azaldu ziguten gizarte zerbitzuetako teknikariek eta, horiek aztertuta, jendea zerbitzuarekin «oso pozik» dagoela ondorioztatu dutela. Zerbitzua trinkotzeko eta Sakanatik kanpora ere zabaltzeko eskaera asko jasotzen dituztela gaineratu zuten, baina horietako asko «ezinezkoak» direla azaldu ziguten, «muga» dezente baitituzte, bai ekonomikoki, baita beste alde batzuetatik ere. Aurten, dena den, Sakana osoko biztanleen artean zerbitzuari buruzko 400 galdetegi banatu dira. Luzi, Eneka eta Idoia teknikariek jakinarazi zigutenez, horiek aztertzen hasiko dira aurki.
Hurrengo hitzorduak
Asteburu honetara arte Jaibusak bost zerbitzu eskaini ditu: Lakuntzako San Sebastianetara, Altsasuko inauterietara, Arbizuko Gazte Egunera, Sakandarren Egunera, Etxarri-Aranazko San Adrianetara eta aurreko asteburuko Lizarragako jaietara. Asteburu hontan, berriz, Arbizu, Uharte Arakil eta Izurdiagako festetara izango dira autobusak.
Lanik gogorrena, ordea, orain datorkio zerbitzuari: Urdiain, Unanu eta Arruazuko jaietara datorren larunbatean; Iturmendira uztailaren 14ean; Irurtzuna 21ean; Bakaiku, Olazti eta Etxarrena 28an; Etxarri-Aranatza abuztuaren 4an; Lakuntza eta Errotza 25ean; Ihabarrera irailaren 1ean; Ziordia, Hiriberri eta Etxeberrira 8an; Altsasura 15ean, Uharte-Arakil eta Olaztiko San Migeletera 29an. Amaitu, ordea, azaroaren 3ko Irurtzungo Pikurock jaialdian amaituko da.
Sakanako lehen jaiak ez dira Arbizu eta Uharte-Arakilekoak, aurreko astean izan ziren Lizarragakoak baizik. Hala ere, gehienetan, San Juan jaiak hartu ohi dira mugarri. Horrenbestez, udako jaiak orain hasten direla esan daiteke.
Jaibus zerbitzua 17 asteburutan -larunbatak- eskainiko da aurten, Erroztik hasi eta Ziordiaraino. Gero eta jende gehiagok erabiltzen du Jaibusa. Horren erakusgarri, iazko datuak: 4.057 bidaiari izan zituen.
Prebentzio teknikariek zerbitzua denentzako dela gogorarazi dute, ez soilik gazteenentzako. Orain arteko emaitzarekin «oso pozik» egon arren, autoa dutenak ere erakarri nahi dituzte.
Tras disfrutar ayer con las hogueras, música y comilonas alrededor del fuego, a nadie se les escapa ya que hoy es el día de San Juan, el día grande de las fiestas de numerosas localidades de Euskal Herria, entre ellas Arbizu y Uharte-Arakil, por lo que la agenda de actos es muy variada. En el primero, por ejemplo, se podrá disfrutar de un espectáculo de 4x4, deporte rural, conciertos y un concurso de trikitixa. En Uharte-Arakil, por su parte, habrá desde exhibición de bailes hasta teatro de calle.
I.I.