GARA > Idatzia > Real Sociedad

Beste agurra

Denontzat «erabakirik onena» delakoan joan da Lotina Donostiatik

Datorren denboraldirako «aurtengoan erre ez den entrenatzailea» behar dela aipatu zuen bizkaitarrak

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Bezperan publiko egina berresteko baino izan ez bazen ere, Miguel Angel Lotinak Realeko entrenatzaile kargua laga eta talde donostiarra utziko duela adierazi zuen atzo prentsaurreko baten bitartez. Meñakakoaren iritziz, «nahiz eta hartzen zaila izan, bai niretzat nola taldearentzat erabaki onena da». Era berean, Realak maila galdu duen entrenatzailea ez izatea hobe dela nabarmendu zuen. Hala, datorren denboraldirako, aurten «erre ez den» norbait proposatu zuen Realeko entrenatzaile postua betetzeko.

Entrenatzaile bizkaitarrak komunikatu bat irakurri zuen atzo Realari agur esateko, euskaraz zein gazteleraz. Prentsa aretoan Lotinarekin batera izan ziren Jose Luis Ribera -orain arteko bigarren entrenatzailea- eta Eduardo Dominguez -prestatzaile fisikoa-. Itxura denez, hirurak Coruñako Deportivon egingo dute lan datorren denboralditik aurrera.

«Hartu dudan erabakia niretzat eta Realarentzat onena dela uste dut. Izan ere, hurrengo denboraldian taldeak eboluzio bat behar duela uste dut, eta horretarako kanpotik etorri behar den norbait behar da. Entrenatzailea izango dena aurtengo denboraldian erre ez den norbait izan behar da; kontseilua, plantila, jokalariak eta zaletuak elkartzeko gai izango den norbait behar da, eta beharrean ahalik eta arinen hasi behar du. Aspalditik pentsatzen nuen hori eta kontseiluari hala esan nion».

Zapore txarra

Realean bizitakoak zapore txarra utzi diola nabaritzen zitzaion atzo Lotinari ahotsean. Hori bai, «alde batetik triste, baina bestetik pozik» azaldu zen. Tristura, «nire inguruan itxaropen handiak sortu zirelako eta bete ezin izan ditudalako». Hurrengoa ere gaineratu zuen Meñakakoak: «Dena den, mundu guztiak jakin behar du taldea salba dadin ahalegin guztiak egin ditudala. Barkamena eskatu behar dut azkenean helburuak ez ditudalako bete». Bestetik, Reala entrenatzeko aukera izan duelako pozik azaldu zen: «Hona etorri arte ez dut jakin zein handia den Reala».

Printzipioz, bigarren mailan ere entrenatzaile gisa jarraitzeko prest azaldu zen Lotina. Atzo azalpenak eman zituen iritzia zer dela-eta aldatu duen ezagutarazteko: «Lehenengo partiduetako jarduera ona ez bada, erraza izango da iaz bezala gaudela esatea. Ni hor egoteak arazoak ekar ditzake batasuna beharrean. Talde honek kanpotik datorren pizgarri bat behar du, eta mundu txuri-urdin osoaren onespena izan behar du».

Etorkizunari aurre egiteko, «batasuna» eskatu zion Realari, horrek ziurtatuko baitu berriz igotzeko aukerak izatea. «Nik ahal izan dudan guztia egin dut», esan zuen. Hori bai, zapore txarra geratu zaio ahoan: «Ikusmin handia zegoen arren, ez dugu lortu. Batez ere zalegoaren tristura da penatzen nauena, bere laguntza bikaina izan baita. Hori beti egongo da nire gogoan».

Bestalde, Lotina nahiko ziur azaldu zen Reala epe motzean berriz Lehen Mailara itzultzeko moduan izango dela aipatzerako orduan. «Esan bezala, mundu guztiak elkartuta egon behar duela uste dut. Hala bada, Realeko plantillan jokalari onak daudela eta taldearekin konprometituta daudela kontuan hartuta, Lehen Mailara arin itzuliko direla pentsatzen dut».

Realak azken arnasa arte egin duen «esfortzu oparoa» aipatu ondoren, taldearen konpromisoa Bigarren Mailan goian egoteko oinarri sendoa dela nabarmendu du Lotinak: «Abantaila handia da hori. Horretan hamarreko bat ateratzen duen taldea da». Hori bai, hurrengoa ere gaineratu zuen: «Ligaren hasiera izango da gakoetako bat».

Lotinaren etorkizuna

Realeko entrenatzaile kargua bertan behera utzi ondoren, kazetariek bere etorkizunagatik galdetu zioten Lotinari. Coruñako Deportivotik nahiko hurbil dagoela aitortu zuen entrenatzaile bizkaitarrak.

Liga amaitu aurretik ere zenbait taldek kontaktua bilatu omen zuten Meñakakoarekin. «Egia da azken bi hilabeteotan nirekin bildu nahi zuten klub batzuek deitu didatela. Reala hilik zegoela uste zuten. Ondorioz, zenbaitekin gaizki geratu naiz, eta presidenteren bat ere haserratu da nirekin. Izan ere, nik denboraldia bukatu nahi nuen hitz egin baino lehen».

«Maila galdu ondoren, une honetan Deporrekin negoziazio oso aurreratua daukagula egia da, baina ez dugu oraindik ezer ere sinatu», amaitu zuen entrenatzaile bizkaitarrak.

batasun beharra

Lotinaren iritziz, talde donostiarrak kontseilu, jokalari eta abarren arteko «batasuna» behar du Lehen Mailara ahalik eta arinen itzultzeko.

poza ere bai

Triste azalduagatik, Miguel Angel Lotinak poztasunerako lekua ere aurkitu zuen atzokoan. «Hona etorri arte ez dut jakin zein handia den Reala», adierazi zuen.

Xabi Prieto Lotinarekin Coruñara joango den zehazteke dago oraindik

Miguel Angel Lotinarekin batera Jose Luis Ribera bigarren entrenatzailea eta Eduardo Dominguez prestatzaile fisikoa ere Coruñako Deportivora joatekoak ei dira.

Bestalde, Xabi Prieto jokalaria ere multzo berean dagoela dio zurrumurru batek. Lotinak ez zuen ezer garbirik esan atzoko agerraldian: «Jokalari ona da, baina ni oraindik ez nago Deporren».

A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo