QUEBRANTAHUESOS
Garaipena eta marka lortu ditu Azparrenek
GARA | SABIÑÁNIGO
7.502 lagun bildu ziren atzo «Quebrantahuesos» Nazioarteko Klasika Zikloturistan. Parte-hartzaile euskaldunak, ohi bezala, ugari izan ziren. Marka onak ere sinatu zituzten. Onenak, izan ere, Mikel Azparren donostiarra irabazle izan zen Aitor Kintana profesional ohiak ezarritako errekorra hautsiz -205 kilometroak 5 ordu 21 minutu eta 5 segundutan egin zituen-.
Jose Belda valentziarra sailkatu zen bigarren postuan eta beste euskaldun batek, Ugaitz Artolak, osatu zuen podiuma.
Azparrenek laister egin zuen alde eta abantaila handituz joan zen Sabiñanigoko helmugara heldu arte -zortzi minutu Somporten, 17 Marie Blanquen eta 20 azken mendatean, Portaleten- .
Meritu handiko garaipena lortu zuen Azparrenek, batez ere parte-hartzaileen artean zer nolako izenak zeuden kontutan hartuta. Besteak beste, Abraham Olano, Joane Somarriba, Fernando Escartin eta Felix Garcia Casas txirrindulari ohiak, Juan Carlos Unzue atezain ohia, Nani Roma motorista edota Javier Moracho atleta izan ziren irteeran.
Anonimoen artean 16 urtetako portugaldar bat izan zen parte-hartzailerik gazteena. Nagusiena, berriz, 79ko zikloturista kataluniarra.
«Treparriscos»
«Quebrantahuesos»ekin batera, bere ahizpa txikia ere ospatu zuten atzo 1.200 partehartzaileek: «Treparriscos» -90 kilometro-. Daniel Plazak irabazi zuen gizonezkoetan. Emakumeen proban, berriz, euskaldunak izan ziren nagusi. Saioa Olite helmugaratu zen lehen postuan Maite Castilloren aurretik. Podiuma Montserrat Cincak bete zuen.