GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Euskal Herriko eskolarteko bertsolari finala

Emakumezkoak nagusi

emezortzi urtez azpiko Euskal Herri osoko bertsolari onenak erabaki ziren atzo Altsasuko Burunda pilotalekuan. bertan jokatu zuten 26 bertsolari gaztek Euskal Herriko Eskolarteko XIX. Bertsolari Txapelketako finala. Hendaiara eta Urretxura joan ziren, hurrenez hurren, helduenen eta gaztetxoen mailetako txapelak: Maddalen Arzalluzek eta Amaia Iturriotzek jantzi zituzten. H

Altsasuko Burunda pilotalekuak itxura ederra hartu zuen atzo egun osoz hemezortzi urtez azpiko Euskal Herriko bertsolari onenak erabakitzeko: goizez hamalau urtera artekoak eta arratsaldez hamabost eta hemezortzi bitartekoak. Osotara, zazpi herrialdeetako hogeitasei bertsolari izan ziren oholtzan. Salbuespen bakarra Zuberoa izan zen, ez baitzen ordezkaririk egon helduenen mailan, bai ordea txikienean.

11.00etan zen hitzordua, baina 10.00etarako Altsasun hasia zen bertsozale andana biltzen. Lehen unetik giro aparta egon zen pilotalekuan, eta horretan zeresan handia izan zuten arabar eta nafarrek. Batzuek etxean jokatzen zuten eta besteek gertu. Zale gehien eraman zutenak izan zirela ziurtatzerik ez dagoen arren, zaratatsuenak izan zirela erraz baiezta daiteke. Arabarrak herrialdeko txapelketa nagusiko kamisetarekin ongi uniformaturik etorri ziren. Gainera «Patato» izeneko maskota aldean eraman zuten. Maskotaz gain, pankartak ere bazeuden pilotalekua apaintzen: tartean «Paxkal I love you» eta «Patata txapeldun, putxerazorik ez» zioten bi.

Giroa nahiko beroa izan arren, bertsolariak hotz hasi ziren, eta listua irensteko ere arazoak izan zituzten batzuek. Hala ere, ez zen hori denen kasua, gaztetxoen mailako txapeldunordeak eta Johañe Sarraillet zuberotarrak besteak beste patxada handia agertu baitzuten. Maila horretan hamalau bertsolari izan ziren, bi herrialde bakoitzeko, eta bi txandatan abestu zuten, lehendabizi gai bati bertso bat abestuz: lehenengoek mikro aurrean zer ikusten zuten erantzun beharra izan zuten eta, bigarrenak, bertso eskolako kideengana zuzendu zituen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak. Hasiera-hasieratik geratu ziren argi, besteak beste, Irazustabarrenaren azkartasun eta erraztasuna, Vegas arabarraren kantaera berezia eta Amaia Iturriotzen zuzentasuna.

Bost neska eta mutil bat

Horren ondoren, hurrengo fasera igarotzeko galbahea egin zen eta lehen aipatutako bertsolariak pasa ziren. Kartzelako lana izan zuten bertsolariek: «Zorrik ba al diozu zure herriari» puntuari erantzun eta uztear doazen jaiotetxeari bina bertso botatzea zuten egin beharrekoa. Puntuari erantzunean agian Txoperena izan zen gehien asmatu zuena, gainerakoeek ez baitzuten lortu bertsoa gehiegi borobiltzea ere. Miren Amurizak ere amaiera polita eman zion Rekondoren puntuari eta txalo zaparrada handia jaso zuen.

Maddalen Arzallusek gaiari botatakoak oso onak izan ziren -«etxea hutsa geratzen bada, bihotza askoz hutsago» eta «berriro ere zabalduko dut gaur ixten dudan atea» izan ziren bere amaierak-, eta horrek eman zion garaipena hendaiarrari bere herrikide Kristiñe Txoperenaren aurretik.

Iker IRIARTE

Arabarrak eta nafarrak «historia» eginez

Txapeldunei baina oro har oholtza gainean aritu ziren bertsolari guztiei eskerrik beroenak adierazi arren, egon zen ordezkaritza arabar eta nafarretan alaitasunerako beste arrazoi gainjarri bat; izan ere, bertako ordezkari gazteenak lehen aldiz sailkatu ziren finaleko bigarren faserako sistema hori indarrean jarri zenetik. Hau da, hamalau urte bitarteko gaztetxo arabar eta nafarrek lehen aldiz pasa zuten finaleko galbahea.

Arabarren artean Gillermo Vegas izan zen poza eragin zuena. Kuriosoa da gainera ikustea nola hori lortzen duen lehen bertsolari arabarra administratiboki Burgosi dagokion lurralde batekoa den. Izan ere, Argantzongoa da Vegas, Trebiñukoa. Horrez gain, marka berezia utzi zuen atzo Altsasun bildutako entzuleengan, bertsotan aritzeaz gain hip-hopean ere aritzen baito. Horren ondorioz, mikroa hartu eta gorputzarekin erritmoa jarraitzeko estilo propio eta berezia du. Behin bertsoa hasitakoan, gainera, ikaragarrizko ziztua hartzen du, hip-hopean hartzen den abiadaren tankerakoa. Behin entzunez gero, arabararra ez da erraz ahazten den bertsolaria.

Bestalde, nafarrek ere zer ospatu dezente izan zuten atzo. Izan ere, aipatu bezala gaztetxoenen mailan galbahea lehen aldiz igarotzeaz gain, bi izan ziren hori lortu zuten Nafarroako ordezkariak: Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo. Entzutekoak izan ziren euren zaleen oihuak eta txaloak Rekondo aurkezleak berria emandakoan.

Horrez gain, maila naagusienean ere oso paper polita egin zuten bi iturendarrek. Alazne Untxalok eskolartekoan parte hartzeko azken urtea izan du aurtengoa, eta ederki probestu du sei onenen artean postu bat irabaziz. Iker Gorosterrazu ere ongi aritu zen eta esker ona ere ederki adierazi zien bere maixuei.

I. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo