GARA > Idatzia > Editoriala

Itun arrakastatsu gisa aurkeztuta ere, negoziaketen zain jarraitzen du krisiak

Europar Batasuneko buruek akordioa lortu behar zuten eta, azkenik, lortu omen dute. Estatu eta Gobernu buruek Europako Konstituzioaren inguruko krisiari irtenbidea ematea zuten helburu eta atzo goizaldean bilatu omen zuten irtenbide hori. Hala aurkeztu dute, behinik behin. Aurrerapausotzat jo dute Angela Merkel Europar Batasuneko presidente eta Alemaniako kantzilerrak eta beste zenbait estatutako gobernu buruek; lorpentzat, nolanahi ere. Hala ere, hitz arranditsuen atzean zalantzarako tarte handia dago lortu omen duten akordio horren garrantziari dagokionez.

2002an hasitako konstituzio prozesuaren bukaeratzat ere jo liteke. Hogeitazazpiek barne erreformako sistemara itzuli eta Gobernu Arteko Konferentzia egiteko agindua onartu dute, aurreikusita zegoenez. Komeni da nabarmentzea Alemaniak negoziaketa hauetan egin dituen presioak, haren asmoa Konferentzia deitu gabe akordioa lortzea baitzen. Eta, bestetik, argi zegoen nolabaiteko akordioa lortu behar zutela, akordiorik ezean porrota baino ez zegoela adierazita baitzuten, hori ere egia ez bazen ere, Alemaniaren enkargua tratatu desberdinen erreformarako zirriborroak aurkeztea eta Gobernu Arteko Konferentzia deitzea baitzen. Nolanahi ere, akordioaren testua erredaktatzeko emandako epeak luzeegia dirudi lan horretarako, eta suma liteke negoziaketak sei hilabetez luzatzea erabaki duela. Benetako negoziaketak, negoziaketa gogorrak, beraz, hasteko daude.

Atzoko akordioa, Erreforma Ituna izendatu zutena, Europako Konstituzioaren erreformaren gainekoa da, baina konstituzio hitza ez du aipatu ere egingo, hartan bildutako erreforma instituzionalaren elementu gehienei eutsi badie ere, kanpo politikaren eta segurtasun komunaren indartzeari dagozkienak batez ere, hala nola bozketa sistemaren aldaketa, aurrerantzean gehiengo koalifiatukoa, aho batekoa alde batera utzita.

Itunak, konstituzio hitza bezala, ez ditu Europar Batasuneko sinboloak aipatuko, eta Kanpo Arazoetako ministroak «Goi Ordezkari» izena hartuko du, zenbait estatuk, hala nola Britainia Handiak, ez baitute inondik inora Batasuneko diplomazia indartzerik nahi, boterea eta subiranotasuna galtzeko beldurrez. Izan ere, bai Britainia Handiak, bai Estatu frantsesak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan eserleku iraunkorra dute. Atzo erabakitakoaren arabera, EBko diplomaziak ezingo ditu estatuak ordezkatu NBEn. Beraz, NBEn eserleku bakarra izatea ez da EBren helburua.

Krisiak badirau

Europako Konstituzioaren proiektua krisian zegoen. Krisi horren faktore nagusia zenbait estaturen kontrako jarrera zen: Frantziako estatuak eta Herbehereek erreferendumean ezezkoa eman zioten Konstituzioari, Britainia Handiak ere ez zuen begi onez ikusten... Eta esan daiteke oraindik ere krisian dagoela.

Europar Batasuneko buruek, jakina, akordio arrakastatsu gisa aurkeztu behar dute atzo adostutako ituna, baina adierazpen baikorren gainetik errealitatea dago. Krisiak bere horretan segitzen du eta Goberu Arteko Konferentzia bukatu arte itxaron beharko da benetako akordioa dagoen ikusteko. Akordio hau, beharbada, aurrerapausoa baino gehiago atzerapausoa izan da, besteak beste Europar Batasunak 27 estatutara zabaldu izana ez duela gainditu erakusten duelako. Bestetik, erabaki sistemaren gaineko eztabaidak erakusten du boterea eskuratzeko borroka hor dagoela. Eta Javier Solana espainolaren karguak, «Goi Ordezkariak», alegia, ikusgarri egiten badu ere, akordioak ez du kanpo segurtasun politika komunik izatea bermatzen. Aurrerapausotzat aurkeztu duten hau, hortaz, atzerapausoa izan da Europako integrazio prozesuan.

Epeak epe, onartzeko balizko epeak aipatu baitituzte -esate baterako, 2009-, estatu bakoitzak bere prozedura erabilita onartzeko, edo errefusatzeko, aukera dago, eta nahikoa izango litzateke Europako Konstituzioa proposatu zutenean bezala, erreferendum bateko ezezkoa atzera botatzeko, gobernu buruek erreferendumak saihesteko asmoa badute ere. Momentuz itxaron egin beharko da Gobernu Arteko Konferentzia egin arte, baina dagoeneko nahikoa argi dago Europar Batasunak gobernu arteko ereduari segituko diola, herritarren komunitatea izan beharko lukeenetik urrun. Izan ere, ez dirudi Europako buruzagiek egin beharreko hausnarketa egiten ari direnik. Zer batasun mota ari diren eraikitzen, nork erabakitzen duen batasun horrek nolakoa izan behar duen... Horren guztiaren inguruko hausnarketa ez dago gobernarien buruan, eztabaida hori ez da kabitzen haien agendetan. Eta, diskurtsoak diskurtso, Europako herritarren komunitatea oso urrun dago eraikitzen ari diren horretatik. Azken batean, Europako buruek beren botere harremanen gainean eztabaidatzen dute, garapen ekonomikoa gizarteko sektore batentzako onura da. Hori da errealitatea.

Europar Batasunean, beraz, krisiak badirau. Hurrengo hilabeteetan negoziaketek jarraituko dute, baina, benetako akordioa lortuta ere, ez dirudi Europako herritarren benetako batasun bateranzko pausoak emango dituztenik. Hori, orain arte bezala, diskurtsoan geratuko zaie. Eta, garrantzitsuago, Europar Batasun horrek bere herritarrengandik oso urrun segituko du, seguruenik orain bezain urrun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo