GARA > Idatzia > Kultura

Caetano Veloso, Woody Allen eta Serrano Kursaal Fundazioaren denboraldian

GARA | DONOSTIA

Udazkenaren etorrerarekin hasiko da Kursaal Fundazioaren zortzigarren denboraldia. Aurrekoetan bezalaxe, hitzordu berriak musika klasikoa, popa, jazza, folka edota musikalaren esparruko hainbat proposamen berri hartuko ditu.

Emanaldiak urriaren 15ean hasiko dira, «Porgy and Bess» operaren antzezpen bikoitzarekin. Georde Gershwin iparramerikarrak musikatu eta New York Harlem Theatre opera konpainiak gauzatuko duen operak europar orkestren teknikak blues eta jazz-amerikarraren soinuekin uztartuko ditu. Musika klasikoari eskainitako zikloak Basileako Ganbera Orkestraren bisitarekin egingo du aurrera (urriak 29). Horrek, Mozarten 39. Sinfoniaz gain, Coplanden hainbat obra eskainiko ditu Paul Mc Creesh maisuaren zuzendaritzapean, eta egungo bakarlari entzutetsuenetako bat den Sabine Mayer klarinete-jolearen parte hartzearekin. San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoak, aldiz, errusiar konposagileetan oinarritutako programa aurkeztuko du, azaroaren 25ean.

Zita klasikoen baitan, hauek ere izango dira: English Concert orkestra barrokoa abenduaren 3an, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala Donostiako Orfeoiaren laguntzaz abenduaren 12an, Les Musiciens du Louvre eta Mark Minkowsky urtarrilaren 17an.

«Elvis: The Musical»

Denboraldiak bestelako musikei eskainitako zikloan artista ospetsuak izango dira: Ismael Serrano, urriaren 20an; Caetano Veloso, urriaren 21ean; Rufus Wainwright, azaroaren 7an; Luar Na Lubre banda, azaroaren 10ean.

Elvis Presley abeslariari buruzko «Elvis: The Musical» saioa ere izango da abenduaren 26 eta 27an. Izar handien esparruan, gainera, urtarrilaren 2an Jazz Band-aren laguntzaz Woody Allen klarinete-jole lanetan arituko da.

Terence Trent D´Arby (azaroaren 3an), Atom Rhumba (azaroaren 24an) eta Barbatuques (27an) ere aurreikusita daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo