GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxeak saltzeko agentzia bat erasotu dute Hiriburun

Lehergailu batek eztanda egin zuen larunbat gauean etxeak saltzeko Hiriburuko agentzia baten atarian. Lehergailua, ordea, indar gutxikoa zen eta ez zuen inor zauritu. Eragindako kalte materialak urriak izan ziren, baina suhiltzaileek eraikinera bertaratu behar izan zuten.

GARA |

Lehergailu txiki bat zartarazi zuten larunbat gauean etxeak saltzeko Hiriburuko agentzia baten atarian. Erabilitako lehergailua, ordea, indar gutxikoa zen eta ez zuen inor zauritu. Eraikinean eragindako kalte materialak ere urriak izan ziren. Hala ere, suhiltzaileek agentziara bertaratu behar izan zuten piztutako sua itzaltzeko.

Polizia iturriek argitara emandakoaren arabera, ikerketa abiatu dute lehergailua zeinek jarri duen argitzeko. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, inork ez du bere gain hartu Lapurdiko herrian egindako ekintza.

Azken hilabeteetan era honetako ekintza ugari egin dira lehergailu txikiak erabilita, betiere etxeak saltzeko agentzien edota bigarren etxebizitza bezala erabilitako etxeen aurka. Joan den ekainaren 16an, adibidez, Hazparneko higiezin agentzia bat erasotu zuten; maiatzaren 31n aldiz, Urruñako etxe baten aurrean lehergailu bat zartarazi zuten.

Gogoratzekoa da era honetako ekintzen ardura hainbat talde ezberdinek hartu izan dutela. Maiatzaren hasieran, izenpetu gabeko agiri baten bitartez hartu zuten Ziburun, Donibane Lohizunen eta Getarian egindako hiru erasoren ardura.

Etxebizitzaren arazoaz kexu

Agirian etxebizitzaren arazoa salatu zuten, baita lurra «merkatu» bilakatzea ere. Agiriaren egileen aburuz, gaur egun jendeak ezin du etxebizitza eskuragarri bat atzeman. Era berean, Frantziako estatuak «euskal nortasuna desagerrarazteko martxan jarri duen kolonizazioaren» aurrean borroka egitera deitu zuten. Honakoa ez zen izan izenpetu gabeko agirien bidez hainbat ekintza bere gain hartutako aldi bakarra.

Bestetik, Irrintzi izeneko talde batek ere beste hainbat ekintza ahalegin hartu zituen bere gaian apirilean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo