GARA > Idatzia > Pilota

Elhina Torneoa

Waltari-Kurutxarik finala jokatzeko bidea egin dute

Galdu arren, Etxeberrik eta Ozafrainek norgehiagoka handia jokatu zuten

WALTARI-KURUTXARI  40

ETXEBERRI-OZAFRAIN 38

Jon LEUNDA | ARMENDARIZE

Waltarik eta Kurutxarik aurreikuspenak bete zituzten eta Armendarizeko Elhina Torneoko finalean izango dira. Gainera, Armendarizeko trinketean batu zen jendetzak sekulako norgehiagoka ikusi ahal izan zuen, lau pilotariek sekulako maila eman baitzuten. Ondorioz, amaieran ez zuten bertaratu izanaren damurik.

Partida honek ikusmin handia piztu zuen, eta amaieran aurreikuspen guztiak bete ziren. Jendeak Waltari ikusi nahi zuen. Hiru aste eman ditu oporretan, baina itzuli denean, berriro ere bere mailarik onena eman du. Hala ere, atzean Kurutxarik egin zuen norgehiagoka ere ikusgarria izan zen.

Partida hasieratik amaierara izan zen estua. Berdinketak bat bestearen atzetik izan ziren eta ez zen nagusirik ikusten. Bi aurelariak, Waltari eta Etxeberri, sekulako ikuskizuna eskaintzen ari ziren. Bietako norbaitek sakea berreskuratzen zuenean, kintzea ez zen aparte izaten, biak aritu baitziren bikain lehen jokaldiarekin.

Waltari saiatzen zen bere abiadurarekin aurkariei min egiten, baina Etxeberrik ere bizi-bizi ibiltzen du pilota, eta hark ere min handia egiten du.

Atzelarien lana

Aurrelariek lan handia egiten dutenean, batez ere atzo bezala pilota oso azkar mugitzen dutenak baldin badira, atzelariek lan asko izaten dute, eta ez dute partida samurra izaten. Hala ere, atzo Kurutxarik zein Ozafrainek argi utzi zuten maila bikaineko pilotariak direla.

Horrelako partidak amaierara bitarte ez dira erabakitzen, eta normalena freskoen heltzen direnek irabaztea da. Horrelaxe gertatu zen atzo ere. Waltarik eta Kurutxarik indar gehiago izan zuten eta, horri helduz, garaipena lortu zuten amaieran.

Finala, datorren igande arratsaldean jokatuko dute Armendarizeko trinketean, 18.00etatik aitzinera. Bertan, atzoko irabazleek, Waltarik eta Kurutxarik alegia, Ibarrolaren eta Etxetoren aurka jokatuko dute. Finala oso estua iragartzen da, beste finalistak ere sekulako norgehiagoka eginda heldu baitira txapela erabakiko duen lehia jokatzera.

WALTARI-KURUTXARI

40

ETXEBERRI-OZAFRAIN

38

Kubatarrak trinketeak betetzen ditu berriz ere

Trinketeko esku pilota profesionalak pizgarri bat behar zuen. Zaleak geroz eta gutxiago joaten ziren neurketak ikustera, ez baitzuten gauza askotan seriotasun gehiegi ikusten. EPB enpresaren agerpenak ilusioa piztu zuen, trinketeko esku pilotak norabide berria hartu baitzuen, eta horixe eskatzen ari baitziren pilotako zaleak.

Horren ostean, ordea, zerbait berria, freskoa nahi zuten, eta hori Waltarirekin agertu da. Kubatarraren joko bereziak zaleak indartu ditu, eta ikusi besterik ez dago harmailetan gertatzen dena, atzo bezalaxe erabat beteta izaten baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo