GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega Herrialdeetako Txapelketak

Mariñelarena izan da aurten ere Nafarroako onena

Ormaetxeak, Gabirondok, Goikoetxeak eta Alkortak lortu dituzte datorren igandean jokatuko den Gipuzkoako finala jokatzeko txartelak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

David Mariñelarenak jarraituko du Nafarroako txapeldun izaten, herenegun eguerdian berak irabazi baitzuen herrialdeko lehiaketa. Bi segalari aritu ziren nor baino nor, eta 45 minutu izan zituzten lanerako.

Bazegoen aurten hiru izateko itxaropena, Telletxea ere parte hartzekotan baitzen. Aldiz, min hartuta dago, eta azkenean birekin jokatu behar izan da.

Mariñelarena zen irabazteko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Oraingoz onena bera dela erakutsi zuen atzokoan ere. Sailetan aitzinetik jarri zen berehala, eta azpitik ere oso txukun aritu zen. Amaieran bera garaile izango zenaren susmoa zegoen, eta horrelaxe izan zen, beretzat izan baitzen txapela. Jon Kanflanka bere herritarren aurrean aritu zen. Ez zuen animo faltarik izan, baina aurtengoan ere garaipenik gabe konformatu behar izan du. 45 minutu lanean aritu ostean, Mariñelarenak 2.860 kilo belar moztu zituen, eta Kanflankak, berriz, 2.702,5 kilo.

Gipuzkoako Txapelketan, berriz, datorren igandean jokatuko da finala, eta ez da ezusterik izan. Izena emandako bost segalarietatik Arteaga izango da kanpoan geratuko den bakarra. Baliarraingoa azkena geratu da jokatu diren hiru probetan eta ez da azken saioan izango.

Atzo Errezilen, Erdoizta auzoan, jokatu zen lehiaketa honetako hirugarren eta azkeneko kanporaketa. Saioa Ormaetxeak bereganatu zuen eta finala irebazteko faboritoa bera dela erakutsi zuen. Orduerdia izan zuen segalari bakoitzak lanean aritzeko. Orendaingo kirolariak, 1.989 kilo belar moztu zituen. Hala ere, Joxe Gabirondo ez zuen oso aparte izan. Gaztelukoak lan ona egin zuen, eta bigarren geratu zen 1.954 kilo belar moztuta. Bi horiek izan dira lehen faseko onenak. Hirugarren Goikoetxea geratu zen. Honek 1.869 kilo moztu zituen. Laugarren Alkorta geratu zen, 1.664,5 kilo moztuta. Azkena, berriz, Arteaga izan zen 1.607 kilo moztuta.

Gabirondotarrak

Atzo arratsaldean amaitu zen Nazioarteko Erako Euskal Herriko Txapelketa, eta Gabirondotarren erakustaldia izan zen Olaberrian. Izan ere, mutiletan zein nesketan nagusitu ziren. Mutiletan, segalari bakoitzak 100 metro karratu moztu behar zituen, eta Gabirondo izan zen azkarrena. 3.31 izan zen Gaztelukoaren denbora, eta pasa den astekoa eta atzokoa kontuan hartuta, bera izan da azkarrena. Ondorioz, bera izan da aurtengo txapelduna.

Lehenengo jardunaldian Agirrezabala izan zen azkarrena, baina atzo ez zuen lan ona egin, eta hamargarren amaitu zuen. Atzokoan Izagirre izan zen bigarren, eta Goenaga, berriz, hirugarren.

Sailkapen nagusian, Gabirondo izan da onena. 6.38 izan zen bere denbora, eta Goenaga sailkatu da bigarren zortzi segundora. Hirugarren Gopikoetxea izan da 15 segundora.

Nesketan, berriro ere Marialuixa Gabirondo izan da onena. 35 metro karratu mozten minutu bat eta 42 segundo behar izan zituen. Bi jardunaldietan bera izan da onena, eta berea da txapela. 2.50 izan da bere denbora. Garin eta Mazkiaran izan dira bigarren eta hirugarren.

Atzokoaren ostean eman ziren ezagutzera Europako Txapelketan zeintzuk izango diren: Gabirondo, Goenaga, Goikoetxea, Izagirre, Arteaga, J. Etxeberria, Egia, Lizaso, Kanflanka eta G. Etxeberria izango dira mutiletan, eta Gabiorondo, Irazustabarrena, Astondoa, Olano eta Antsa nesketan.

Bizkaiako Txapelketako finala uztailaren 14an jokatuko da Otxandion

Nafarroako finala erabakita dago, Gipuzkoakoa datorren astean izango da, eta Bizkaikoa uztailaren 14an jokatuko da Otxandion. Ez da herrialdeetako beste lehiaketarik izango. Gero, Euskal Herrikoa izango da.

Lapazaran, Goioaga, Etxeberria, Gondra eta Zubillaga izango dira Bizkaiko lehiaketako finalean, baina Jon Lapazarani txapela kentzea ia ezinezkoa izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo