GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziaren alde etenik gabe jarraitzen dute gazteek, baita udan ere

Ekainaren amaiera iristearekin batera, urtero bezala, gazte independentistek udako kanpainari hasiera eman diote Hernaniko jaien testuinguruan. Independentziaren alde egiteaz gain, ezker abertzalearen autonomia politikoaren proposamena izango dute lanabes.

GARA

«Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» leloarekin ehunka gaztek hartu zuten parte atzo arratsaldean Hernaniko kaleetan barna egin zuten manifestazioan. Gazte independentistek antolatutako martxa horrekin, eta ostean egin zuten ekitaldi politikoarekin eman diote hasiera udako kanpainari. Independentziaren aldeko indarrak biltzen arituko baitira udaran ere Euskal Herriko auzo, herri eta hiriburuetako jaietan.

Independentziaren aldeko aldarrikapenaren magalean ahalik eta gazte gehien biltzeko erronka mahaigaineratu zuten gazte independentistek orain dela hilabete dezente, eta norabide horretan sakontzeko eta indarrak biderkatzeko ahaleginak izango dira udako kanpainaren baitan sustatuko dituztenak. Horretarako askotariko ekimenak egingo dituztela aurreratu zuten eta Hernaniko kaleetan atzo arratsaldean egindako manifestazioarekin, ildo berean sakontzeko kanpainaren lehen harria jarri zuten. Ehunka izan ziren Hernaniko Tiloseko plazan elkartu, osteko manifestazioan parte hartu eta ekitaldi politikoan izan zirenak.

Prozesu politikoa hizpide

Bai manifestazioan, bai eta ekitaldi politikoan ere independentziaren beharra nabarmendu zuten gazteek.

Baina ez zen aldarrikapen hutsa izan. Egungo testuinguru politikoa ere hizpide izan zuen ekitaldi politikoan hitza hartu zuen gazteak, eta zehazki, Euskal Herrian izan den prozesu politikoaren berri eman zuten; baita akordio politikoa erdiesteko garaian, edo hobe esanda, ez lortzeko EAJk eta PSOEk, gazte independentisten aburuz, jokatu duten papera deitoratu zuten ere.

Ekitaldian bildutako jendetzari prozesu politikoaren eta aurrera begirako gakoak aditzera emateko bigarren lagun batek hartu zuten hitza Tilosetan jarritako oholtza gainean.

Hala, prozesuaren gorabeherak eta gatazka konpontzeko gako nagusiak agerian uztearekin batera, ezker abertzaleak trantsizio demokratikorako Iruñeko Anaitasunan aurkeztu zuen autonomia politikorako proposamenean ere sakondu zuten atzo arratsaldeko ekitaldian.

Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko eta independentzia eskuratzea ere errealitate bilakatzeko baliagarriatzat baitute autonomia politikoaren ideia.

Hurrengoa, Iruñea

Hernaniko martxa amaitu bezain laster, gazte independentistek hurrengo hitzordurako deia egin zioten euskal gazteriari: Iruñeako Baratxuri enparantzan, uztailaren 10ean, San Fermin jaien baitan egingo den martxara.

ZAPIAK

Euskal Herriko jaietan eta gazteok antolatuko dituzten ekimenetan ahalik eta lagun gehienek erabiltzea espero dituzten zapiak ikusi ahal izan ziren Hernaniko jaietan ere. Udako ikur bilakatu nahi dituzte zapiok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo