GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaur dute zarauztarrek besta egun handia, San Pelaio eguna

San Juan sua besta seinalea da Euskal Herrian. Makina bat herri sartzen dira egunotan jaien euforian. Kontzertuak, dantza, txaranga, txosna eta ostatuetako giroa, kirola, otorduak... Badira osagai batzuk txoko guztietan daudenak, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Zarautzeko sanpelaioak horren adibide dira: parrandarako bi gune daude han, herriaren erdigunea eta Iñurritza auzoa, eta kalejirak lotzen ditu.

Maider IANTZI

Jaiei hasiera emateko suziria atzo lehertu bazen ere, astebururako jabetua zen besten emozioa zarauztarren gorputzez. Hala, Iñurritzako II. Mus Txapelketa Azkarra egin zuten arratsaldean; Mollarri dantza taldearen aurkezpena ere izan zen eta, Lizardi Antzokian, La Botika talde extremadurarrak «La Reina de Saba» lana antzeztu zuen. Eguzkia gordetzen hasi zenean, txosnak ireki zituzten Munoan eta parranda gosez zeudenak aukera paregabea izan zuten asetzeko... asetzen hasteko hobeki erranda, osteguna arte baitago besta egiteko aukera.

Gipuzkoako herri honetako berezitasunetako bat sanpelaioak bi gunetan ospatzeko duten ohitura da: herriaren erdigunean eta Iñurritza auzoan. Horregatik, zarauztarren ekitaldirik kutunenetakoa bi guneak lotzeko egiten duten kalejira da. Gaur arratsaldean izanen da hori. 17.00etan bilduko dira koadrilak, talde bakoitza bere brusa soinean duela, eta irriz, solasaldi alaiz, oihuz, bromaz, saltoz, dantzaz... mila kolorez beteko dute Musika plaza. Handik Iñurritzara joanen dira mila koloreak kalejiran, trikitilari, dultzainero eta Pasai txarangarekin batera.

Zelaian, erromeria eta merienda goxoa izanen dituzte, txahal haragiz egindako pintxo eta guzti. Gaboisolak aurkeztuta, herri kirolen ikuskizuna ere izanen da zelai horretan, Ugaitz eta Aratz Mugerza aizkolari gipuzkoarrekin, Atutxa eta Aldape bizkaitarrekin eta Rekondo eta Erasun nafarrekin. Miren Urkiola eta Maria Jose Sardon harrijasotzaileek ere erakutsiko dute beren indarra eta abilezia. Ilunabarrean, 20.30ak aldera, erromesak bueltan joanen dira abiapuntura, Musika plazara.

Kaleak dantzan danborrekin

Kostaldeko herri honetako bertze ohitura bat danborrada egitea da. Atzo aritu ziren makilekin instrumentua jo eta jo, bai haurrak, bai helduak. Txikiei dagokienez, lau talde atera ziren Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik, Zarautzeko Musika Bandak eta Mausitza, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Kaleak danborren erritmora mugiarazi ondotik, Lege Zaharren enparantzan bildu ziren guzti-guztiak elkarrekin jotzeko. Txosnetako parrandaren eta afariaren ondoren, helduen txanda izan zen. Carballeirako Eli Larrañaga eta F. Zurbarango Estela Carmona izan ziren danborren zuzendariak. Barrikenak, berriz, Arkaitz-Mendiko Elias Azpiroz eta Cachi-Bachiko Rakel Azkue izan ziren. Gaztelekutik abiatu eta Lege Zaharren enparantzan bukatu zuten ibilbidea horiek ere, txarangen musika lagun.

txalupa lasterketa

Gaur goizean txahal usainarekin ernatu izanen dira zarauztarrak, arratsaldean janen den animalia erretzen hastekoak baitziren. Trikitilariak, dultzaineroak, txalupa lasterketa, buruhandi eta erraldoiak eta paella lehiaketa ere iragarrita daude goizerako.

Bihar, baserriz baserri arituko dira oilasko eske bazkaria egiteko

Ez da ekitaldirik falta egunotan Zarautzen. Kirola, musika, dantza, otorduak, txapelketak... era guztietako ekintzak daude aukeran. Gainera, Udalak eta txosnek prestatutako egitarauez gain, bada bertze bat, Iñurritza auzoko Mutil-Ardorena. Talde horrek ohitura zaharrei eusten die eta, aitzineko belaunaldiek bezala, oilasko biltzea egiten du. Bihar, haurren egunean, goizeko bostetan baratzuri zopa eskainiko dute Iñurritza auzoan eta, seietan, baserriz baserri ariko dira eskean. Lehen, oilaskoak ematen zizkieten baserritarrek, eta bi makil luzetatik zintzilik eramaten zituzten, eguerdian bazkaria egiteko.

Bertze hamaika ekitaldi ere prestatu ditu Mutil-Ardok herritarrak animatzeko: Amets Arzallus, Xabier Paia, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña gonbidatu ditu bihar arratseko jaialdira. Imanol Epeldek paratuko ditu gaiak. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo