Txikitatik zientziak liluratutako nobelduna
DONOSTIA
Jaiotze data: 1943/03/19 > Lekua: Mexiko Hiria. > Ikasketak: Kimika Ingeniaritza (1965, Mexiko), Polimeroen Zinetikan graduondoa (1967, Friburgo), Fisiokimikan doktore (1972, Berkeley) > Kimika Nobel saria: 1995 urtean eman zioten.
Mario Molinak gazte gaztetatik agertu zuen zientziarekiko lilura. Horrela azal daiteke, esaterako, jostailuzko mikroskopio batekin paramezioak edota amibak lehen aldiz ikusi zituen aldi hartan sentitu zuen emozioa edota erabiltzen ez zen bainugela bere lehen lanetako bapateko laborategi bihurtu izana. Afizioa lanbide bilakatzeko bidean, Zientzia Kimikoetan Ingeniaritza titulua eskuratu zuen Mexikoko Unibertsitate Autonomoan. Ostean, Alemanian egin zituen graduondoko ikasketak, Friburgoko Unibertsitatean. Doktoretza eskolak, berriz, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean egin zituen. Ondorioz, bertan lortu zuen doktore izendapena.
Molinak Kalifornian ezagutu zuen bere ibilbide luzean lagun izan duen Sherwood Rowland. Elkarrekin ikertu zituzten atomoak prozesu erradioaktiboetan dituen propietate kimikoak. Hori bai, atmosferan pilatzen diren eta prozesu industrialetatik eratorritakoak diren hainbat partikula kimikoren -klorofluorokarburoak- eraginean jarri zuen interesa mexikarrak.
Hilabete luzeetako lanaren ostean, Molinak eta Rowlandek ozono geruzaren murrizketaren teoria garatu zuten. Hain zuzen ere, hortik iritsi zitzaien beraien zientzilari bizitzako saririk garrantzitsuena 1995ean: Kimika Nobel Saria.
Ingurugiroaren zaintzan ere erreferente da Molina. Izan ere, bere lana funtsezkoa izan da mundu mailan ingurugiro kontzientzia bultzatzeko.