Harri-zulatzea | Euskal Herriko Liga
Jaizubiak nagusitasuna agerian uzten jarraitzen du
Hondarribiakoak jaun eta jabe izan ziren Ligako hirugarren jardunaldian, eta zulo bateko aldea kendu zien bigarren sailkatuei. Sailkapen nagusian ere aldea gehitzen ari dira kirolari gipuzkoarrak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Jaizubia oso indartsu dago, eta Euskal Herriko Ligako hirugarren jardunaldia ere haientzat izan da. Lehen saioan ez ziren nagusitu, baina beste bietan lehen postuan amaitu dute, eta sailkapen nagusian ere tartea zabaltzen hasi dira.
Muskizen jokatu zuten hirugarren jardunaldia eta Hondarribiakoak jaun eta jabe izan ziren, eta zulo bat pasako aldea kendu zien Txorierrikoei. Azken horiek ere gorantz datoz, eta azken bi saioetan ikusitakoaren arabera, haiek ere oso kontuan hartu beharko dira.
Egungo txapeldunak oso indartsu dabiltza, nahiz eta taldean hutsune bat baduten, bera ordezkatzen ari dena ere bikain ari da, eta zulorik gabeko taldea dela erakusten ari da.
Galdames izan zen hirugarren herenegungo saioan. Lehiaketa bikain hasi zuen, baina beherantz egin du, nahiz eta sailkapen nagusian bigarren postuan jarraituko duten.
Ezustekorik handiena, berriz, Ortuellak eman zuen. Lehen bi jardunaldietan lehen postuetan sailkatu da, baina oraingoan azken postuetan geratu da, eta horrek sailkapen nagusian atzera bidali du. Bestetik, garbi ikusten da lehen postuetan dabiltzanen artean eta atzean dabiltzanen artean, alde nabarmena dagoela. Lehenengotik azkenengora, bederatzi zulotako aldea izan da jardunaldi honetan.
Jardunaldiko sailkapenean, Jaizubia izan zen lehenengoa, eta Hondarribiakoak 17 zulo eta 6,2 cm egin zituzten. Bigarren geratu zen Txorierri, 16 zulo eta 3,3 cm eginda. Hirugarren, berriz, Galdames sailkatu zen 14 zulo, eta 4,1 cm eginda. Laugarren izan zen Kabiezes 12 zulorekin. Bosgarren, Aldai Alde geratu zen 11 zulo eta 6,6 cm eginda, Zazpigarren postuan izan zen Errekatxo 11 zulorekin. Zortzigarren Gallarta sailkatu zen 10 zulo eta 9,1 cm eginda. Bederatzigarren izan zen Ortuella 10 zulo eta 8,4 cm-rekin, eta azkena geratu zen Arboleda 8 zulo pasatxorekin.
Hirugarren jardunaldiaren ostean, Jaizubiak jarraituko du sailkapeneko estreinako postuan 29 punturekin, Galdames dago bigarren 25ekin, eta Txorierri doa hirugarren postuan, eta horiek 23 puntu batzen dituzte.