GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga, informatica ingenieria

Segurtasuna sarean

Interneten arrakasta, zabaltzearen eta gizarteratzearen arrazoi nagusia bere izaera irekia da: beti parez pare irekia dagoen mundura begirako leihoa baita Internet. Sarera konektatu eta bertatik begiratzen dugun bakoitzean, konektatuta dauden beste guztiek ere ikus gaitzakete. Bi noranzkoko kanala da internet: begiratzen badugu, begira ikus gaitzakete. Eta ezin kontrolatu nork: lagunik eta maitalerik sutsuenak klik bateko distantzian ditugun neurri berean, etsairik eta gaizkilerik handienak ere guri begira izan baititzakegu. Ez da inor libratzen. Guztia dago klik bateko distantzian: norberaren etikaren arabera zuzena izan edo ez.

Izaera ezin irekiago hori, logikoki, segurtasunaren auziari eskutik helduta etorri da hasieratik. Are gehiago interneterako sarrera hain eskura dugun garaiotan. Etxean konexiorik ez badugu ere, mota eta gustu guztietarako klub, ziber-kafe eta mintzaleku publikoak ditugu nonahi. Edozein konekta daiteke, ia edozein lekutatik. Eta horrek ere segurtasun informatikoaren garrantzia areagotu egiten du, zalantzarik gabe.

Berez, errazagoa da ohiko bideak erabiliz burututako eragiketa ekonomiko, gutun bidalketa edo telefono deiak egiten diren unean atzematea interneteko edozein komunikazio baino. Eta arrazoia sinplea da: Interneten delitu-egintzaren bat aurrera eramateko, ezagutza tekniko sofistikatuak behar dira. Are gehiago. Internetek datu, eragiketa edota mugimenduetarako babes-aukera gehiago eskaintzen ditu: kuantitatiboki eta kualitatiboki.

Enkriptazio sistemak idazketarekin batera sortu ziren. Eta egun sistema haien iraultza digitala bizitzen ari gara, etengabe. Beraz, sareko segurtasuna ere enkriptazio sistemetan oinarritzen da. Enkriptazio sistema horien guztien bitartez, saretik zirkulatzen duen informazioa ulertezin bihurtzen da benetako hartzailea ez denarentzat. Alegia, hartzaileak datu zehatz batzuk ezagutu beharko ditu jaso mezua irakurtzeko eta, beraz, datu horiek ezagutzen ez dituen inork ezingo du mezua edo dena delakoa irakurri edo interpretatu. Hortaz, bidali nahi dugun informazioa hartzailea ez den beste edozeinentzat irakurgaitza bihurtzeko erabiltzen diren segurtasun neurriak dira enkriptazio sistemak.

Mota askotako segurtasun neurriak existitzen dira, hala nola PGP, SSL eta HTTPS. Sistema bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu baina helburua berbera da guztientzat: transmisioaren pribatatusuna bermatzea eta erabiltzailearen intimitatea errespetatzea. Hori hala, enkriptazio sistemak pasahitz, kreditu-txartelen zenbaki edota elkarrizketa pribatuak ezkutuan gorde eta transmititzeko erabiltzen dira, besteren artean.

Gure interneteko komunikazioak seguru bihurtzeko neurri elektronikoak existitzen dira. Segurtasun maila ia maximoa da kasu batzuetan, merkataritza elektronikoan eta bankuko eragiketetan, adibidez. Neurriak, beraz, badaude eta erabiltzen dira. Alta, gure jarreran segurtasunaren kultura falta zaigula esan daiteke. Bizitzako beste aspektu guztietan txikitatik erakutsi digute gurea dena defendatzen: bizikleta kalean lotu egiten dugu, etxea eta kotxea itxi; bankuko kreditu-txartelaren zenbakia ez diogu inori esaten, eta ez diogu etxeko atea edozeini irekitzen. Txikitatik egoera seguruen barne-dekalogoa izaten dugu: segurutasunaren kultura.

Informazioaren eta ezagutzaren jendartea, ordea, berria da. Internetekin dugun esperientzia ere bai. Ez dugu guztiok txikitatik ezagutu. Ez da betiko segurtasunaren barne-dekalogoan aipatu ere egiten. Baina berez, egia da: mundu elektronikoan ere, gutxiago edo gehiago, gurea dena defendatzen dugu. Gure ordenagailua pasahitz batez edo gehiagoz babestuko dugu gehienok. Eta gure posta elektronikoaren pasahitza ezkutuan gordeko dugu ziur asko. Digitalizazioaren aroan, beraz, gurea dena zaintzen saiatzen gara.

Baina interneten, berez, ezer ez da gurea. Gurea dena besteena ere bada. Horrexegatik, adibidez, gure posta elektronikoaren pasahitza ez ezagutu arren, gure posta elektronikoa irakurtzeko eta nondik datorren jakiteko ezagutza tekniko sofistikatuak dituenik ere egon badagoela pentsatu behar dugu. Izan ere, sareko informazio transmisioak irekiak dira, guk segurtasun neurriekin estutzen edo guztiz ixten baditugu ere. Informazioa elekt ronikoa da, digitala, eta hori atzitu, interpretatu eta analizatzeko aukera teknikoak existitzen dira.

Segurtasuna, informatikoa edo ez, buru edo barne sentsazioa da. Hartutako segurtasun neurri guztietatik harago, gure sinesmenean dago sorrarazten digun lasaitasuna.

Internet potentzial mugagabeko tresna eskuragarria da eta, beraz, erabileran dago, inon badago, internetekin dugun gure harreman pertsonalaren gakoa. Erabiltzerakoan, egin kasu senari edo intuizioari, baina badakizu: adi ibili. Askorako balio du, baina internet ez da egokia edozein egoeratan, ez edozertarako, eta gutxiago edonola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo