GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abokatuak mobilizatu dira Justizia Karta salatzeko

2008ko urtarrilean indarrean jarriko duten Justizia Kartaren erreformaren aurkako salaketak abiatu dituzte azken egunotan abokatuek. Epaitegien kokapen geografikoa finkatzen du kartak, eta erreformaren ondorioz, Baionako auzitegia desagertzeko arriskuan dagoela esan dute abokatuek. Joan den asteartean greba eguna egin zutela-eta, astelehenean, biltzar nagusi baten bidez, erabakiko dute zer-nolako jarraipena ematen dioten mobilizazioari.

Ainize BUTRON

Rachida Dati frantses justizia ministroak azaldu karta juridiko delakoaren erreforma lekuko abokatuen kexua piztu du azken egunotan. Karta horren bidez auzitegien kokagune geografikoa finkatzen dela-eta, Pirinio Atlantikoetako departamenduari dagokionez, erreformaren ondorioz Paue eta Baionan dauden hiru auzitegietatik bi desagertzeko arriskuan daude. Izan ere, horien artean, Baionako Instantzia Handiko auzitegi bakarra dago. Hori dela-eta, Baionako abokatuek greba egitea erabaki zuten joan den asteartean.

1958az geroztik Estatu frantsesean ez da justiziaren erreformarik burutu. Horretan, beraz, abokatuek aldaketak eta egokipenak egin beharra dagoela nabarmentzen dute, baina auzitegiak elkartuta, justiziarekiko herritarren ezberdintasuna areagotu baizik ez dela eginen esan zuten. «Herritar guztien berdintasunaren printzipioa zangopilatzen du erreforma horrek», salatu zuten abokatuen sindikatuek. Horrenbestez, Baionako auzitegia desagertzen badira, abokatu guztiak Pauen bilduko dira.

Izan ere, Justizia ministroak bideratu nahi duen erreformak eskualdeka dei auzitegi bakarra izatea proposatzen du, eta departamenduka instantzia handiko epaitegi bakarra ere.

Pirinio Atlantikoetako departamenduaren kasuan, dei auzitegia Pauen dago, eta Instantzia Handiko bi epaitegi daude, bata Baionan eta bestea Pauen.

Dei auzitegia Bordelera eramateko asmoa dute, eta Baiona eta Paue artean aukeratzeko orduan bigarrenak gaindituko lukeela uste dute sindikatuek. «Baionako epaitegiaren aktibitatea handiagoa izan arren, hura desagertuko da. Pauek jadanik dei auzitegia galduko duela-eta, ziur da ez dutela bestea ere kenduko», esan zuten.

Oraindik deus eginda izan ez bada ere, Rachida Dati ministroaren xedea justizia «arrazionalizatzea» da. Eta, horretarako hiru irizpide aurreratu ditu: kalitatea, efikazia eta lana ernatzea. Abokatuek hiru helburu nagusi horiekin bat egiten badute, ministroak aipaturiko erreformekin horretara heltzeko aukera zalantzan jarri zuten nagusiki.

Komite kontsultatiboa

«Lekuko bi auzitegietan lantzen diren txostenak hamalau hilabeteren ondotik tratatzen dituzte. Epe hori nahiko ona da Estatu frantseseko justiziaren egoera kontuan harturik, beraz, ministroak duen efikazia eta ernatze xedeari erantzuten diogu», nabarmendu zuten. Horrenbestez, erreforma horren xede bakarra aurreztea zela salatu zuten abokatuek, eta inondik ere egun justizian dagoen arazoa konpontzea.

Hori dela-eta, Paueko dei auzitegiak 2008ko urtarrilean ateak itxi beharko lituzke, eta bertako aktibitatea Bordelera ere eramango lukete. Baionakoari dagokionez, ez dute eperik finkatu. Baiona eta Pauen azken egunotan abokatuek protesta egin dute. Lekuko mobilizazio horiek Estatu frantses osoan dagoen mobilizazioari jarraitzen dio. Egoera ikusita, Rachida Dati ministroak, bideratuko diren aldaketa guztiak justizia arloko ordezkariekin bat eginez gauzatuko zituztela jakinarazi zuen.

«Oraindik erreformarik ez da zehaztu, beraz, ez du inongo zentzurik horren aurka mobilizatzea», argitu zuen eta, alde horretatik, «guztiak elkarrekin» erreforma hori finkatzeko deia egin zuen. Horretarako, «aholkularitza batzorde» bat abian jarri du, bertan magistratu, justizia langile eta abokatuak ordezkatuta daude. Hala, batzorde horren xedea eztabaida piztea izango da. Lan talde horren sorrerarekin batera, Justizia ministroak ondoko irailaren 30a bitartean proposamen zehatzak egiteko eskatu die sindikatuei. Justizia Kartaren erreforma bera 2008ko urtarrilean jarriko dute indarrean.

Tartean, azken egunotako gertakariak kontuan harturik, Baionako abokatuek ondoko astelehenean biltzar nagusia egitekotan daude. Bertan, mobilizazioari zer-nolako jarraipen ematen dioten erabakiko dute, besteren artean.

Hiru xede

Justizia ministroak hiru xede ditu justizia kartaren erreforma horrekin: efikazia, kalitatea eta lana ernatzea. Baionako abokatuen esanetan, lekuko epaitegiek helburu nagusi horiek betetzen dituzte.

Berdintasuna

Zerbitzu publiko izanik, Justiziak duen herritarren arteko berdintasun printzipioa zangopilatuko lukeela salatu zuten abokatuek.

BAtzordea abian

Abokatuen protestak ikusita, Justizia ministroak aholkularitza batzorde bat abian jarri du. Bertan, Justizia arloko lanbide guztiak ordezkatzen dira. Iraila bitartean erreforma martxan jarriko du

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo