Julen MURGOITIO
Aldaketaren gradua
Tomate saltsa baten marka duen Hatshepsut erreginaren gorpua aurkitu berri dute Kairoko museo baten sotoan, momifikatuta edo. Egiptoko erregina izan bazen ere, monarka beraz, eta salbuespenezko salbuespena eginda, pena eman dit aurkikuntza horrek, erreginagatik beragatik, hainbeste mendetako lo lasaia amesgaizto bihurtu duelako arkeologo gupidagabe batek. Kontuak atera, zelako Egipto utzi zuen lurperatu zutenean eta zelako Ekialde Hurbila aurkitu duen lurpetik atera dutenean, mendeak igarota. Zer ez ote zaion burutik pasatu momia horri berak maileguan zuen piramidearen atarian hiru kutxazain automatiko daudela jakin duenean, bat errea. Eta piramide horren harrietan berak esklabo hartutako milaka langileen milaka pintadak oraindik ere hortxe dirautela ikusi duenean, mendeetan Udaletxeko zerbitzariek behin eta berriz ezabatzen tematu arren. Eta berak bideratu nahi izan zuen Nilo hura presatzarrez beteta dagoela ikusi duenean, lurrikarak barne. Eta berak utzitako berdeguneak hareak hartuta daudela sentitu duenean, bere oin hutsetan. Eta bere garaian gatza eramaten zuten gameluak orain kameradun gatzgabeak eramaten dituztela ikusi duenean. Eta gaur bai erreginak eta bai erregeak han eta hemen behingoz desagertzeko bidean diren espezieak direla xuxurlatu diotenean. Ez, ez da erraza mendeak pasatuta berriro mundura esnatu beharra, ez han eta ez hemen ere, munduak biraka segitzen baitu, batzuek eta besteak modu diferentean zorabiatuz.
Begiratu Nafarroan ari dena, BAI izan edo EZ izan ez dit orain ardura. Aldaketaren kontzeptuaz eztabaida ari da hor suertatzen. Daitekeena eta litekeena dago ezbaian, zitekeena ahaztu gabe; izena eta izana. Batzuek gogor jokatu nahi dute, 360 graduko aldaketa ekarri nahian; beste batzuek, berriz, xumeagoa, aldaketarako bidea urratsez urrats egin nahian, momentuz 180 gradukoa gauzatu nahian, besterik ez. Aldaketaren graduetan kokatu beharko litzateke ezbaia. Bitartean, Nafarroako Euskadin bestelakoa da ezbaia, azken asteotan izan diren adar jotzeen ondorioz Lakuako hirukotearen iraungitze-dataz, hain zuzen ere. Batzuentzat 2009ra arte, gutxienez, baina kimikariarentzat Eroskiko jogurtarenak baino gutxiago. Horren atzean Gernikako Automomia estatutuarena dago. Hortaz, Hatshepsut biziago dago momia hori baino. Ogi etorri gaurko mundura!