GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Gaztelania eta Ondarroa

Herrian egindako obrei buruz hitz egin behar zuen agintariak. Jendaurrean esan zuen harro-harro: «Hemos galipotau el pueblo»

Famako egin zaigu herria azken asteotan. Pasa den hamarkadan Valle de Atxondo izeneko arrantzontzia zela-eta bete zen kameraz herria. Artean gaztetxoak ginen gu eta harri eta zur jarraitzen genien itsasotik zetozen berriei. Arrantzontzia frantziar armadako kostazain batek tirokatu zuen, ustez baimenik gabe zebilelako arrantzan. Ontzia portura iritsi zenean, moila mukuru betea zegoen haren zain. Herri dena bildu zen bertara. Ondo gogoan dut itsasontziak zubian zuen zulotzarra. Halako batean, kamera guztiak desagertu egin ziren herri- tik eta lasai geratu ginen aldi baterako.

Oraingo honetan hauteskundeen kontu horrek ekarri ditu kamerak gurera. Telebista piztu eta hantxe agertzen zen gure herritxoa. Kazetari finak ere etorri dira gurera, herrian ordu pare bat eman eta Ondarroako jendearen izateari buruz azterketa burutsuak egiteko nor direnak. Esaten zuen gure amonak, batzuk beste batzuk baino azkarrago jaio direla. Euskaraz berba egin eta aurreskua dantzan egiten omen dugu ondarrutarrok. Nik ez behintzat, pentsatu nuen neure bostean, nire dantzarako dohainak ez dira-eta apartekoak. Rocka entzuten dudanean, air guitar egiteko gai naiz eta bakar-bakarrik. Besterik ez dakit dantzan. Dantza kontuez gain, izan dira analisi soziolinguistiko zuhurrak egin dituztenak ere. Artikulu batean, kazetariak ondarrutar bati erdaraz ordua eskatu dio eta herritarrak euskaraz erantzun, «ordu bata eta erdiak». Eta kazetariak euskaraz ez zekiela esan dionean «pues aprende» erantzun dio besteak. Ez zen umoreko egongo dena delakoa.

Bertokoak ere gaztelaniaz ikasi beharrean egon gara. Gomutan hartu dut herriko agintari bati duela urte andana gertatu zitzaiona. Herrian egin- dako obrei buruz hitz egin behar zuen gizonak, eta egindako lanen artean kaleetan galipota botatzea zen garrantzitsuena. Huraxe saldu behar zuen. Agintariak jendaurrean esan zuen harro-harro: «Hemos galipotau el pueblo». Agintariak alboan zuen laguna berehalaxe konturatu zen eta belarrira xuxurlatu zion, «asfaltau». Baina agintaria ez zen ohartu. Lagunari kasu handirik egin gabe, ostera ere perla bera bota zuen: «galipotau». Aditz bitxia, inon aditz bitxirik bada. Lagunak, estuturik, ondotik esaten zion «asfaltau, asfaltau», gero eta ozenago. Haserretu egin zitzaion azkenean agintaria, eta muturtuta bota zuen ahozgoran: «Yo no sé si he faltau o no he faltau, pero el pueblo sí que está galipotau».

Urte asko igaro dira ordutik eta euskara eta gaztelania ezezik, beste hizkuntza batzuk ere entzuten dira gurean; arabea, mandarina, olofa eta beste. Hori bai, gauza batzuk bidean galdu ditugu. Esate baterako, kalean ordua galdetzeko ohitura. Herria erlojuz betea dago eta, eskuko erlojuez gain, telefono mugikorrei begiratuta ikus- ten dugu zer ordu den. Beharbada kazetaria da atzean geratu dena.

Eskerrak egunen batean modaz pasatuko garela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo