GARA > Idatzia > Gutunak

Amaia Sarrionandia Olabarri Zornotzako preso politikoen aldeko topagunea

Gatza

Gatza, esanahi ugari dauzkan berba. Gatza: sodio kloruroaren izen arrunta.

Gatza: bizitasuna ematen duena; bizitzaren gozoak gazitzen dituena... testuinguru ezberdinetan adiera aldatzen duen hitza. Baina bada adiera bat zornotzarrontzat aspaldi ezagun dena eta azken urteetan, tamalez, euskal herritar askorentzat ere bai. Gatza: Jose Mari Sagardui Moja, kartzelan urte gehien daraman preso politikoa, Europa zaharreko «errekor» guztiak apurtu dituena, ez baitago berak beste urte jarraian kartzelan eman duenik.

Duela 27 urte bortitz atera zuten etxetik, kolpe artean, Santos eta Bego (gurasoak) aurrean zituela, Espainiako poliziakideek.

Lehen geralekua 10 egun luze iraun zuten tortura saio etengabeek bete zuten. Zentzumena galdu arte torturatua, duintasuna apurtu nahian iraindua. Tamalez, euskal herritar askok bizi izan duten geraleku iluna.

Handik, inork inoiz egon nahi izango ez lukeen hamaikatxo «hoteletako» ziega zikinak ezagutzea egokitu zitzaion eta halako ziega batean mantentzen dute oraindik ere. Kartzela asko ezagutu ditu 27 urte luze horietan, Euskal Herritik ehunka kilometrora denak. 20 urte baino gehiago daramatza isolamendurik krudelenean, eguneko 22 ordu sotoetako ziegetan sartuta, eguzkiaren argia ia ikusi gabe.

Baina ez dugu urterokoa errepikatu nahi, dagoeneko zornotzar gehienok izan dugu Gatzaren egoeraren berri eta izan ez duena joan dadila lasai asko gurasoen dendara eta galde diezaiela aitari, amari edo emazteari.

Benetan interesgarria izan daiteke hizketaldia, eta eurek oso gustura kontatuko dute 27 urte horietako sufrikarioa. Baina ez dezala inork negarrik espero. Indarra, duintasuna eta, zergatik ez, harrotasuna baitira preso politikoen senideen motxila astunetan aurki ditzakegun bidaideak. Herriaren elkartasunetik jasotakoak.

Hori da urteak joan eta urteak etorri familia honek jaso duena, azken urteetan indar handiagoz. Izan ere, Gatzak aspaldi egon behar zuen kalean, Santos, Bego, Concha eta Goiztiriren ondoan, bizitzaren gatza gozotasunez estaltzen. Baina zergatik mantentzen dute kartzelan?

Mendeku egarria dutelako. Ezin dutelako zornotzar gehienok behin eta berriro egin dugun eskaera jasan. Ezin dutelako onartu Gatzak herriaren aldetik horrelako berotasuna jasotzea. Ulertzea zaila den mendekua, herri honentzako bakea desiratzen dugunoi gerra eginez erantzuten digutelako. Nola ulertuko dugu, bada, Gobernuek euren interes eta nahien arabera behin eta berriro legeak aldatzea?

Ulertzen ez dugun bitartean, jarrai dezagun legez eta eskubidez Gatzari dagokiona aldarrikatzen, haren askatasuna eskatzen.

Denon indarrarekin, Gatza etxera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo