GARA > Idatzia > Ekonomia

Beste pauso bat energia-merkatua zabaltzeko

Gaurtik aurrera, beste pauso bat emango dute energia-merkatuaren liberalizazio prozesuan. Izan ere, Estatu frantsesa, Hungaria, Bulgaria, Polonia, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Lituania, Luxenburgo eta Irlanda euren gasa eta elektrizitate merkatuak berehala zabalduko dituzte.

GARA | BRUSELA

Gasa eta elektrizitate merkatuaren liberalizazioa gertuago dago Europar Batasunean. Izan ere, gaurdanik irekiko dute merkatu hori Estatu frantsesan, Hungarian, Bulgarian, Polonian, Errumanian, Eslovakia, Eslovenia, Lituania, Luxenburgo eta Irlandan. Hamar estatu horiei Italia gehituko zaie, datorren astean zabalduko baitu elektrizitate merkatua. Izan ere, gasarena liberalizatuta du jada. Azken hori 2010a arte itxita izango dute Letoniak eta Greziak, baina elektrizitatearena berehala irekiko dute. Suediak eta Estoniak gasaren merkatua konpententziari zabaltzeko asmoa dute.

Estatu espainolak, Austriak, Belgikak, Txekiak, Danimarkak, Alemaniak, Herbehereek eta Britainia Handiak merkatuak zabalik dituzte. Gainerako estatuek beranduago irekiko dituzte.

Estatu frantsesan TNS Sofres enpresak egindako inkesta baten arabera, erabiltzaileek arretaz hartu dute merkatuaren liberalizazioa. Neurriak, ordain- tzen duten faktura garestituko duen beldurra dute.

Teorian EDF elektrikak eta GDF gas enpresak duten monopolio apurtuko duen irekiera hori dela-eta, inkestan parte hartu dutenen %3k seguruenik hornitzailea aldatuko duela esan dute; beste %31k ez duela egingo, eta beste %64k hornitzaile berrien eskaintzak arretaz aztertuko dituela adierazi du.

Prezioak igoko direla uste dute gehienek. Duela urtebete enpresa berak egin inkesta batek zioenez, merkatua irekitzeak faktura merketuko zuela uste zuen %63k.

Energia-zerbitzuak «guztion onerako» direla uste du Bruselak eta, ondorioz, kontsumitzaileek ordaindutako gas eta elektrizitate maila «erregularra, iragargarria eta eraginkorra» jasotzeko eskubidea dute. Nabarmendu duenez, zerbitzu hori zentzuzko prezioetan erabiltzaile ahulenei bermatu ahal izateko neurri egokiak hartu behar dituzte estatuek. Europako batzordearen ustetan, merkatuen zabalkunde prozesuak inbertsioa erakar dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo