GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mobilizazioak egingo dituzte Zornotzan Jose Mari Sagardui aska dezaten aldarrikatzeko

Kartzelan urte gehien eman dituen preso politikoa dugu Jose Mari Sagardui zornotzarra. 27 urte beteko ditu uztailaren 8an, eta datorren astean mobilizazioak egingo dituzte haren askatasuna aldarrikatzeko.

GARA | ZORNOTZA

Heldu den astean, uztailak 8, 27 urte beteko dira Polizia espainolak Jose Mari Sagardui zornotzarra etxetik era bortitzean atera eta oraindik bukatu ez den bidai luze zein krudel batera eraman zuenetik. Santos eta Bego gurasoak aurrean zituela atxilotu zuten Gatza, eta hamar egunez gogor torturatu ostean, kartzelan sartu zuten. Eta bertan jarraitzen du oraindik, ia hiru hamarkada bete direnean.

Atzo, hainbat auzokidek eta lagunek, bai eta bere aita ere, agerraldia egin zuten Zornotzan, euskal preso politiko horren askatasuna aldarrikatzeko heldu diren egunetan egingo dituzten mobilizazioen berri emateko. Alde horretatik, dei egin zuten ostiralean 19.30ean Erreferendum plazan Etxeratek antolatuta egingo den elkarreratzean parte hartzera, baita larunbatean, 18.00tan, udaletxe plazatik abiatuta, egingo den manifestaziora eta ekitaldi politikora joatera ere.

Ostiralean, gainera, 19.30etik 20.00ak arte, pertsiana jaitsiko dituzte herriko tabernetan eta komertzioetan.

«Hemen batu garen herritarrok, bakoitzak bere ideologia politikoarekin, Gatzaren giza eskubideak eta eskubide politikoak bermatzeko eskatzen dugu. Gure artean, Zornotzan, aspaldi behar zuelako, Gatza aske uzteko eskatzen dugu. Eskubidez eta legez dagokiolako, Gatzaren askatasuna aldarrikatzen dugu», adierazi zuten hedabideen aurrean bildutako zornotzarrek.

Unai Ormaetxea bertsolari eta idazleak irakurri zuen agerraldirako propio egindako idatzia, eta horrekin batera egon ziren, Santos Sagardui ¯Gatzaren aita¯, Iurgi Etxeandia korrikalaria, Zornotzako zenbait errepresaliaturen senideak eta Josean Etxebarri preso ohia. Atzean, dozenaka auzokide sostengua emateko.

«Isolamendurik krudelenean»

Gogoratu zuten Sagarduik Euskal Herritik ehunka kilometrora eman dituela 27 urte luze hauek, kartzelaz kartzela, eta 20 urte baino gehiago daramatzala «isolamendurik krudelenean».

Izan ere, preso zornotzarrak eguneko 22 ordu sotoetan eraikitako ziegetan ematen ditu, eguzkiaren argia ia ikusi gabe.

Zornotzako auzokideek aipatu zuten ere «zaila» dela irudikatzea Gatzak 27 urte hauetan bizi izan duena, eta galdetu zuten ea «zer dela-eta mantentzen» duten auzokide eta laguna kartzelan.

«Zer irizpide erabiltzen du Gobernu espainolak 27 urte eta gero Gatza Jaenen, 700 kilometrora, preso mantentzeko? Nor da horren arduradun?», galdetu zuten berriz ere.

Alde horretatik, gogor salatu zuten euskal preso politikoak, eta haien artean Gatza, «trukerako txanpon gisa» erabiltzen dituztela, eta kritikatu zuten bakeaz eta giza eskubideen errespetuaz hitz egiten duten berberek, «sakabanaketa politika» ezartzen dutela eta espetxealdiak «unean uneko interes eta nahien arabera» luzatzen dituztela. «Euren legeak» ere errespetatu gabe.

urte gehien

Auzokideek nabarmendu zutenez, Gatza da kartzelan urte gehien daraman preso politikoa, «Europako `errekor' guztiak apurtu dituena, ez baitago berak beste urte jarraian kartzelan eman duenik».

ez da bidea

Zornotzan egindako agerraldi jendetsuan, aipatu zuten «presoen eta euren senideen sufrimendua areagotzeak» ez duela inola ere konponbidea ekarriko; «alderantziz, gatazka elikatzea eragingo du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo