GARA > Idatzia > Arrauna

KAE - Lehen multzoa

Balearik ez eta bandera ekarri du Getariak Errioxatik

Estropada bikaina egin zuen Patxi Francesek zuzentzen duen traineruak eta hirugarren txandan Pasai Donibaneri ongi nagusitu zitzaion

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Getariak on egin zituen aurredenboraldian erakutsitako aukerak eta nagusitasun handiz irabazi zuen El Rasilloko urtegian jokatu zuten Errioxako XI. Bandera, Kantauriko Arraun Elkartearen (KAE) lehen multzoko lehen estropada puntuagarria. Getariarren atzetik, Pasai Donibane sailkatu zen bigarren, hiru segundora, eta Kaikuk eman zuen ezusteko handiena hirugarren postuan sailkatu baitzen.

Getariako Esperantza eta San Juango Erreka hirugarren eta azken txandan aritu ziren eta lehia ikusgarria izan zuten aurreneko paladetatik. Hori bai, Patxi Francesen mutilek hasieratik hartu zuten pare bat segundoko aldea eta estropadaren buruan izan ziren une oro.

Azkenean, aldea hiru segundokoa izan zen eta garaipen horrekin Getariak orain dela pare bat aste Mutrikun egindako lana -laugarren Hondarribiatik 11 segundora- kasualitatea ez zela izan erakutsi dute.

Pasai Donibane ere sailkapenaren goiko postuetan egongo dela argi geratu zen atzo. Iaz TKEtik kanpo geratu ostean, talde gaztetua aurkeztu dute aurten eta Patxi Leon prestatzaile lanetara itzuli da. Gipuzkoarren arteko lehia polita izango da datozen jardunaldietan ere.

Kortaren ukitua

Baina atzoko ezusteko nagusia Kaikuk eman zuen. Bizkaitarra hirugarren postuan sailkatu zen bigarren txandan lan bikaina eginda. Bizkaiko enpresagizon famatu batzuek sekulako diru poltsak sartu dituzte Sestaoko trainerua goi-mailara itzultzeko eta lehen urratsa Jose Luis Korta fitxatzea izan zen. Arraunlariei dagokienez, ez dute beste munduko fitxaketarik egin oraingoz, baina badirudi Kortaren ukitua nabarituko dela ontzian. Atzo, «Txirri» beteranoa patroi lanetan zutela, Pontejos, Ondarroa eta Donosti Arraun atzean uztea lortu zuten bigarren txandan.

Izan ere, Pontejos zen pronostiko ia guztietan goian ibiltzeko hautagai nagusietako bat. Atzo ez zuten hain lan txarra egin -laugarren amaitu zuten-, baina Getariak 17 segundo sartu zizkion Kantabriako ontziari, uste baino gehiago. Diotenez, kantabriarrek arazo handiak dituzte erritmoari eusteko gutxienezko bost arraunlari propioak tostetan dituztenean.

Espero zitekeena baino atzerago ibili ziren beste bi ontzi Isuntza eta Camargo izan ziren. Lekeitiarrak eta kantabriarrak lehen txandan irten ziren, haize pixka bat harroagoarekin agian, eta egindako denborak nahiko ona zirudien arren, gerora kontrakoa ikusi zen. Gonzalez Lacasa urtegiko estropada eremua ohiko neurrietara atondu dute aurten, 5.556 metro edota 3 miliako ibilbidearekin, eta ezinezkoa da autengo denborak aurreko urteetakoekin alderatzea.

Donostiarrak, oso atzean

Azkenik, deigarria da benetan bai Donostia Arraun bai eta Ur Kirolak atzeko zuloan sartuta ikustea. Bigarrenen kasuan ulergarria da, azken unean sartu baitira lehen multzoan Santanderren hutsunea betetzeko, baina Lugañene hor ikustea, iaz Imanol Cascantek egindako lan guztia pikutara bidali eta gero, nahiko mingarria da. Bi taldeetako ordezkariek beste bilera bat egingo omen dute bihar Udaleko agintariekin traineru bakarraren gaia bideratzeko. Iaz dena eginda zegoela ematen zuen, baina azkenean tirabirak sortu ziren bi elkarteen artean eta bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo