GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza eskubidearen alde ekimenak iragarri dituzte Enkarterriko gazteek

GARA | GUEÑES

Gazteok Etorkizuna Enkarterrin gazte eragileak agerraldia egin zuen etxebizitza eskubidea aldarrikatze aldera. Hain justu Gueñesko Reckitt enpresaren egoitza zegoen tokian batu ziren. Izan ere, lantegiaren itxierak berak berebiziko garrantzia izan zuen eragilearen sorreran.

Gogora ekarri zuten orain 8 hilabete enpresaren itxiera iragarri zutenean, hainbat gaztek elkartu eta borrokatzeko premia ikusi zutela. Abenduan itxi zen lantegia eta horrek ondorio zehatza izan zuen eragile horren iritziz: «lurren birkalifikazioa etxebizitza gehiago eraikitzeko». Kexu dira, egun etxebizitzaren inguruan dagoen espekulazioa eta lan baldintza prekarioak direla medio, gazteei etxebizitza bat izatea ezinezko egiten zaielako.

Kezka horiek medio, hasiera batean lantegiaren itxieraren aurkako protesta zena, etxebizitza eskubidearen aldeko bilakatu eta makina bat ekintza egin zuten.

Orain uda garaian ere euren mezua hedatzen jarraituko dutela iragarri zuten. Besteren artean, Enkarterriko herrietako kaleetan «antzerki mugikor» bat egingo dute.

Alde horretatik, Enkarterriko gazteei dei egin zieten euren ekintzetan parte hartzera eta etxebizitza, «luxu baten izan beharrean, eskubide bat dela aldarrikatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo