Espaniako Txapelketak
Delgadok eta Epeldek urrea eskuratu zuten 23 urtez azpikoen mailan
Morenok garaipena berretsi zuen emakumeetan eta Azpiroz 3. sailkatu zen
U.I. | BILBO
Carlos Delgado nafarrak ustekabea eman zuen atzo Cuencako Espaniako Txapelketan, eta urrea erdietsi zuen 23 urtez azpikoen mailan. Emakumezkoetan, beste bi domin eskuratu zituzten Arantzazu Azpirozek eta Mireia Epeldek, brontzea eta urrea, hurrenez hurren.
Delgadok ez zuen garaipenik amateurretan lau urte lehiatu ondoren. Baina ezin hobeto aprobetxatu zuen aukera. Hasieratik ihes egin zuen eta sekulako garaipena poltsikoratu zuen Azysa taldeko 22 urtekoak.
Beroa, 37 gradu, protagonista izan zen 127 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan. Delgado berak, Plazak (Andalucia), Lopezek (Murcia) eta Garciak (Gaztela eta Leon) alde egin zuten 37. kilometroan eta ihesean ibili ziren. Helmugatik lau kilometrora, Delgadok erasoa jo zuen eta Plaza andaluziarrak besterik ez zuen nafarraren gurpila hartu. Edozein kasutan ere, Delgado azkarragoa izan zen helmugan eta ospea lortu zuen.
Amateurreko hasierako hiru urteetan Caja Rural taldean aritu zen eta aurten, aldiz, Azysan lehiatu da. Garaipenik ez zuen arren, atzo erakustaldia eman zuen eta podiumera igo zen.
Emakumeak
Emakumezkoetan, euskaldunek beste bi domina eskuratu zituzten. Hain zuzen, Azpirozek brontzea erdietsi zuen elite mailan eta Epeldek urrea 23 urtez azpikoen artean.
Edonola ere, Moreno nagusitu zen 108 kilometroko ibilbidean, erlojupekoan bezalaxe. Aragoiko txirrindulariak bakarrik egin zituen azken 30 kilometroak, Belen Garciaren erasoari erantzun ostean, eta garaipena erdietsi zuen. Atzetik, Euskadiko selekzioa ahalegindu zen Gallastegi, Mujika, Elorriaga eta Azpiroz txirrindulariekin, baina ezin izan zuten aldea murriztu. Aurreneko kilometroetan, ordea, Telletxea ibili zen lehian.
Helmugan, Morenok txapelketa irabazi zuen hirugarren aldiz jarraian eta Vilajosana katalunak erlojupeko bigarren postua errepikatu zuen. Euskadikoek saria jaso zuten eta Azpiroz gipuzkoarra hirugarren sailkatu zen; Gallastegi seigarren eta Mujika bederatzigarren.
23 urtez azpikoek beste lehia izan zuten bigarren multzo batean. Azkarrena Epelde izan zen eta ospe ederra erdietsi zuen maila horretan.