GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko eta kanpoko erritmoak, eguzki beroaren azpian elkarturik

Giro beroarekin eta ikusleen aldetik motel abiatu zen Euskal Herria Zuzenean festibala ostiralean. Hala eta guztiz ere, jaialdiak,aurten ere, Euskal Herriko eta kanpoko erritmoak elkartu eta hara joan ziren milaka ikusleen plazerra piztu zuen. Aurtengoa laugarren edizioa izan da, hain zuzen ere.

Inguramena edo mugimendu alternatiboari loturiko aldarrikapenen erdian kultur anitzetako musikak elkartu ziren, berriz ere, atzo eta ostiral gauean Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Idauze-Mendi herriko pentzea karpa eta agertoki erraldoiez josi zen hara joan ziren milaka lagunen musika beharra asetzeko. Ostiral gauean, urteroko tradizioari eutsi eta, rock gogorrari eman zioten lehentasuna.

Gojira death metal, La Phaze jungle eta punk arteko estiloko taldea, edo Lehendakaris muertos taldeak zeuden. Gau horretako emanaldi guztien artean La Phaze taldea izan zen zaletasuna daukaten esanetan «benetako errebelazioa». Urtero Larrabetzutik jaialdira joaten da Iñaki gazteak eta hala erran.

«Urtero talde berriak ezagutzeko aukera ematen dit jaialdi honek. Eta, aldi oro talde baten izen berriarekin etxeratzen naiz. Eta, aurten dudarik gabe La Phaze da errebelazio handia», goraipatu zuen.

Baina, ostiral gaueko programazioa kalitatezkoa eta ezin giro beroagoa izan arren, ikusleen aldetik, nahiko parte-hartze motela izan zela esan zuten antolatzaileek. Izan ere, lehen gauan hiru mila lagun baizik ez zen elkartu Idauze-Mendiko landako pentzean. Kopurua zabaldu zen heinean, Larrabetzuko gazte horrek Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik eta Nafarroatik ikusle gutxi egon izana tamaldu zuen.

«Saiakerak izan dira, baina, ez dago deus egitekorik. Ia ez da lortuko bertako ikusleak hurbilaraztea», nabarmendu eta benetan egoera tamalgarritzat jo zuen. Baina, ezkortasunaren hitz labur horietatik at, jaialdian milaka lagun elkartu ziren atzo, eta, egitarau zabal eta aberatsa preziatzeko aukera izan zuten.

Xiba lehiaketarako Euskal Herri osotik etorritako parte-hartzaileek zabaldu zuten jaialdia. Festibalaren gunearen erdian, Munduko Komertzioaren erakundea eta konpainia handien aurkako aldarrikapenak zeramaten margo handien erdian, hirurehun bat lagun aritu ziren lehiatzen bertan.

Arratsaldeko hiruak arte iraun zuen txapelketak, eta bero izugarriaren ondorioz jaialdiko parte-hartzaile askok errekara joateari ekitea nahiago izan bazuten ere, Xibazaleak tente egon ziren bertan bukaera arte.

Trukatzeko aukera

Bertan, Trapagarandik lehen aldiz zetorren hogeita lau urteko neska gazte bat zegoen. Bizkaiko bazter urrunenetik Idauze-Mendi arte Xiban aritzeko hurbildua zen, eta zinez, pozarekin jaialdian hiru egun igarotzeko plazerra nabarmendu zuen.

«Giroa atsegina da, eta beste jende batzuekin topo egiteko aukera ematen du», nabarmendu zuen. Jaialdiak kanpoko herritarrak ere erakarri zituen.

Autoen aparkalekuan matrikulazioetan gehiengoa Lapurdikoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa zela ematen bazuen ere, tartean Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa edo baita Estatu frantseseko hainbat herrialdetakoak zeuden.

Hala, Xiba lehiaketatik kanpo, musika edo kantu animazioak hasi zirelarik zenbaitek sorpresak izan zituzten. Bordeleko gazte batzuk zeuden bertan, ikusleen erdian.

Bat-batean, bi musika emanaldien artean sei bat bertsolari banan-banan Asisko Urmeneta eta Adurren marrazkiak zituztela lagun bertsotan hasi ziren. «Zertan ari dira zuzen?», galdetu zuen neska batek bertan zegoen euskaldun bati.

Bertan zeuden ikusle asko botatzen zituzten bertsoekin irribarrez, neska hura lagunez inguraturik, betiere plazerrez ikusten bazuen ere, ez ulermen handia erakusten zuen. Bere harridura areagotu egin zen gertatzen ari zenaren azalpena eman ziotelarik.

Pasadizo horietatik kanpo, festibaleko programa nahiko lasaiki finkatzen hasi zen Idauze-Mendin. Eguerdiko Xibako probak bukatu bezain laster Gozategiren trikitiak zabaldu ziren oholtza txikian, gaueko emanaldi nagusien aurretik, ikusleen dantzarako gogoa pizteko. Eta, lurrean, sugandilen antzera itzala bilatzen zeuden ehunka gazteren artean, zenbaitek dantzari ekin zion.

Oholtza nagusietako kontzertuak ez ziren festibalean atzo izan ziren animazio bakarrak. Akanpalekuan, atsedenaldia hartzera joan zirenek epe laburra izan zuten lasaitasun hura preziatzeko.

Biak zirela, Brasilgo batukadak hedatu ziren oihalezko etxeen artean, joan txaranga bati esker. Horiekin batera, arratsalde partean euskarazko irakasleen bisita ere izan zuten. Bi neska, ohialezko etxe batetik bestera ibili ziren, bertan zeuden erdaldunei euskarari buruzko oinarri batzuk emateko.

Ustekabean aurkitu zuten bertan batzuk haurren txokoa zegoen mahai-fubol handian, eta beste batzuk My Jok konzept taldeak erakusgai jarritako Burp proiektuaren bideoaren proiekzioan.

Karpa txiki eta ilun batean zegoen bideoa. Oholtzetatik urruti emana, gehienak etzanak bideoarekin irri zenbait botatzeko aukera izan zuten.

Izan ere, bideoa arratsalde osoan agertzen aritu zen. Eta arratsaldeko bietan proiekzioa abiatu aurretik, Burp bideoari esker sorturiko «Iron eta Maider» izena duen Zuberoako metal taldearen emanaldia eskaini zuten. Eguzkiaren izpiek berotasun gehiena zabaltzen zuten mementoa zen hura, baina, taldeak gogorki eutsi nahi izan zion emanaldiari. Eta, kontzertua egiteko larruzko Zuberoako jantziak jarri zituzten soinean. Leher eginda eta izerdiz gorputzaren punta batetik bestera beteta zeudela oren batez egon ziren bertan jaialdiaren gunea girotzen. Eguneko lasaitasuna, bat-batean, aldatu zen arratseko bederatziak hurbildu zirelarik. Eta, Fermin Muguruzak giroaren aldaketa hori eragin zuen. Bere botza entzun bezain laster, oholtza nagusiaren ondoan milaka lagun elkartu ziren eta bat-batean jaialdiak irudi ezin jendetsuagoa hartu zuen. 

Azken horrek festibalaren berezitasuna nabarmentzeko aukera izan zuen emanaldia abiatu aurretik bertan zegoen prentsari. Hala, Europan zehar bira egiten dagoela-eta, Berlinen gaur gauean emateko daukan emanaldia eta ostiral gauean Lleidan egindako kontzertuaren artean Idauze-Mendin egotea garrantzitsutzat jo zuen kantariak. Gauean bertan, autobusez hartzen zuen Alemaniarako bidea, hain zuzen ere.

Fermin Muguruzaren ospea nabaritu zen, beraz, Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Jaialdi honetan urtetan egindako agerpenen heinera, bere kontzertua hasi bezain laster, festibalazale asko ikusi zen lasterka oholtza nagusira hurbiltzen musikaria hurbiletik ikusi ahal izateko. Izan ere, kontzertuan aspaldiko doinu ezagunak eta azken diskoko erritmoak zabaldu zituen. Besteren artean, Korrika-rentzat egindako abestia bota zuen Ferminek bertan ziren ikusle guztien plazerrerako.

Hala hasi zen, beraz, Idauze-Mendiko gaualdia atzo. Eta, gau iluna arte, bertan zeuden milaka ikusleak dantzan eten gabe aritzeko aukera izan zuten.

Tartean, jaialdiko laguntzaileen lana jarraitzen zuen. Garbiketa, argindarra mantentzea, zaintzea, segurtasuna, sarrerak edo ostatuak, besteren artean, aldizkatuz, hiru egunez bete behar izan zituzten lanak. Batzuek tartean emanalditxo bat ikusteko xedea erakusten zuten, baina, gehienek, gau eta eguneko lanak sorturiko akiduraren ondorioz, nahiago izan zuten txoko horretan kalakan geratu. Horrenbestez, antolatzaileek, aurten berriz ere, birziklapen eta biologiko sailan egiten dituzten indarrak nabarmendu nahi izan zituzten.

Duela hiru urte jaialdiaren hondakin kopurua jausteko kanpaina hasi zutela gogoratu orduko, urtez urte, egoera hobetzea lortu zutela agertu zuten atzo. Lan hori aurrera eramateko bi ardatz finkatu zituzten: ahal bezainbat hondakin birziklatu, eta jaialdiak ekoizten duen hondakin kopurua jautsi.

Jakinez, urtez urte jaialdiko zaborretan gehienbat aurkitzen zena plastikozko edalontziak zirela, iaztik berriz baliatu daitezkeen baso gogorreko sistema finkatzen hasi ziren. «Iaz jarri genuelarik ez genuen orokortu. Hala, nahi zuen pertsona oro, euro bateko funtsa utzi, baso hori jaialdiaren hiru egunetan atxikitzeko aukera zuen», argitu zuten ekimenaren bultzatzaileek.

Aurten, berriz, edan nahi zuen bestazale oro edalontziaren beharra zeukan edaria hartzeko. «Sistema horri esker, gure kalkuluen arabera, hondakin kopurua %75ez behera egitea lortuko dugu», argitu zuen. Alde horretatik, garbiketaren taldean zegoen laguntzaile batek nabarmendu zuen: «harrigarria da ez da plastikozko edalontzirik ikusten lurrean. Plazer egiten du. Hala eta guztiz ere, beharko da zerbait egin zigarro-mutxikinekin, asko eta asko baitaude».

Ekoizpen biologikoei dagokienez, aurten jaialdiak sorturiko «euskebab» ogitarteko marka berria goraipatu zuten antolatzaileek.

Ainize BUTRON

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo