GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frankismoaren aurka egin zutenei omenaldia

Ahaztuak 1936-1977 elkartearen deiari jarraiki, ehun bat lagun batu ziren atzo Bilboko Zorrotza auzoan. Tartean ziren, emozioak hartuta, David Perez eta eta Jose Segura. Biei eta Frankismoaren aurka borrokatu ziren guztiei omenaldi beroa eskaini zien.

GARA | BILBO

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak altxamendu frankistaren aurka borroka egin zuten gudari eta milizianoak omendu zituen atzo Bilboko Zorrotza auzoan.

Omenaldian ehun bat pertsonak parte hartu zuten eta bertan izan ziren, besteren artean, «Pablo Iglesias» batailoiko David Perez Santin milizianoa eta «Columna Durruti» ezaguneko Jose Segura milizianoa. Biei Arkaitz Estiballesek bertso batzuk eskaini zizkien ekitaldia zabaltzeko.

Ondoren, auzoko bizilagun bat hitz batzuk zuzendu zizkion David Perez Santini, Zorrotzako bizilaguna hau ere: «Hainbatentzat erreferente izan da, bizitza osoan ideia demokratiko eta ezkerrekoekin konprometitua egon baita; izan ere, miliziano izan zen faxismoaren aurka izan behar zenean, eta ondoren gure auzoan izan diren eta egun ere badiren herri aldarrikapenekin bat egin du».

Ekitaldiarekin jarraitzeko Perez Santini eta Jose Segurari, zein frankismoaren aurka egin zuten pertsona guztiei aurreskua eskaini zien dantzari eta txitulariek.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ordezkariak, berriz, hitza hartu eta oroimen historikoa aldarrikatu zuen, «ez soilik iraganekoak diren gertaerak gogoratzeko, baizik eta gaurkotasuneko gauza bat bezala, bere erreibindikazioek eta planteamentuek duten eduki demokratiko eta garrantziagatik».

Omenaldiari amaiera emateko, oroigarri bana eman zien emozioz beterik agertu ziren bi milizianoei. Ondoren, Eusko Gudariak eta Internazionala abestu zituzten Zorrotzako Azoka parkean batutako lagunek.

«Oroimen leku»

Atzoko ekitaldia ez da izan, ordea, asteburu honetan Ahaztuak elkarteak egin duen bakarra, azken asteetan, tropa frankistek Bilbo hartu zuteneko 70. urteurrena ospatzen ari diren honetan hainbat ekitaldi egiten ari baitira. Larunbatean, Deustuko Unibertsitatean egin zuten beste ekitaldi bat eta aipatu egoitza «oroimen leku» izendatu zuten, «bertan gerra garaian milaka gerrako preso politiko giltzapetu baitzituzten».

Ekitaldian Deustuko dantzari taldeak parte hartu zuen eta ohorezko aurreskua dantzatu zien, «bertan askatasuna eta herri borondatea defendatzeagatik» preso egon ziren pertsona guztiei. Era berean, Ahaztuak elkarteak Deustuko Unibestsitatearen egoitzan plaka bat jarri, eta «oroimen leku» izendatu zuen. Azken boladan izendapen bera eman die elkarte honek beste eraikuntza batzuei, hala nola Zornotzako emakumeen gartzelari, egun El Carmelo Ikastetxea denari, edota Durangoko Nevers Ikastetxea hartzen duen egoitzari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo