Santi Angulo Martin Errenteria
Diputatu nagusiaren kargua, noren esku?
Hauteskundeen ondoren, kargu, postu eta abarren azokan sartu omen gara. Eta ahaztuta dute Gipuzkoako bigarren indar politikoaren alde egin duten 72.000 gipuzkoarren hitza. Lege espainiarraren arabera, PSOEk irabazi ditu hauteskundeak Gipuzkoan eta Miguel Buen jauna aurkeztu du diputatu nagusirako hautagai. Oreretako alkatea izan den Buenen udal kudeaketaz hainbat kasu aipatu nahi nituzke.
Orain dela hamar bat urte edo, Lino fabrika zegoen orubean etxebizitzak eraikitzea onartu zuen Udalak eta PROCOMUL enpresari esleitu zion proiektua. Milioi bat pezetako kapital soziala zuen enpresa honek etxebizitza erosi nahi zuten bizilagunei dirua aurreratzea eskatu zien. Sosak eskatu eta alde egin zuen. Enpresa horren atzetik ibili eta erantzukizuna eskatu beharrean, bizilagunekin hitz egin eta gero, diru gehiago jarri behar izan zuen Udalak etxebizitza horiek eraiki zitezen. Beraz, oso garesti atera zitzaigun oreretarroi, Miguel Buenek ez baitzuen ordaindu bere poltsikotik berak gaizki egindakoa, ezta pentsatu ere.
Duela bost bat urte, Beraungo P. Sorozabal plazan garaje batzuk egitea onartu zen eta enpresa bati eman zitzaion kontratua. Enpresa honetan Lazkaoko PSOEko zinegotzi baten alaba zegoen eta bere gastuetan lanarekin zerikusirik ez zuen hainbat faktura azaltzen zen. Enpresa hau ere desagertu zen. Guk dakigula, Udala ez da enpresa horren atzetik joan eta garajeen erabiltzaileen esku utzi zuen eraikitzeko kudeaketa. Hala ere, hainbat arazo sortu zen eta epaitegira eraman zen kasua. Kudeaketa txarragatik Udalak bere gain hartu behar izan zituen aparteko gastu batzuk.
Miguel Buenek kudeatu duen Udala ez da enpresa horien bila joan. Baina, bizilagunen aurka jotzeko ohitura izan du Buenek, Beraungo garajeen kasuan edo, tabernen zarata dela eta. Eta bietan galdu du Udalak.
Azkenik, Miguel Buenek kudeatutako Udalak ez du babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko metro koadro bat ere erosi azken urteotan. Jokaera hau dela eta, 2003ko aurrekontuen aurkako administrazioarekiko auzia ireki zen. Lau urteren ondoren, Madrilgo Auzitegi Gorenak Udalaren aurkako epaia eman du eta legea betetzera behartu du. Hau da, Miguel Buen alkate, Oreretako Udalak ez du legearen atal hau bete eta 2003 urteko aurrekontuei dagozkien ia lau milioi euro jarri beharko ditu orain. Auzi gehiago irekita dago Udal honen jokaeraren aurka.
Buenen kudeaketa txarraren ondorioak jasan izan ditugu oreretarrok eta orain, diru publikoa era horretan kudeatu edota xahutu duen pertsona bera Gipuzkoa osoa gobernatzen duen erakundearen buru jarri nahi dute. Zer espero dezakegu, bada? Merkealdian gaude, dagoeneko!