Salamancan «bahituta» dauden agiriak itzultzeko eskatu du berriz Lakuak
Orain hamasei hilabete eskatu eta jaramonik egin ez diotela ikusita, Salamancan «bahiturik dituzten» dokumentuak, Kataluniari bezalaxe, itzultzeko exijitu dio Ibarretxeren Gobernuak Rodriguez Zapaterori.
GARA |
Lakuako Gobernuak idatzi bat bidali die Jose Luis Rodriguez Zapatero Madrilgo gobernuburuari eta Carmen Calvo Kultura ministroari 36ko Gerran bahitu zituzten dokumentuak itzul ditzatela eskatzeko.
Joan den maiatzaren 22ko osoko bilkuran, iazko otsailaren 14an gerran arma bidez lapurtu zuten dokumentazioa itzul diezaiotela eskatzeko hartutako erabakia berretsi zuen Lakuako Gobernuak; hain zuzen, «Errepublikako Euskadiko Jaurlaritzak zuzendu zuen ume eta herritarren ebakuazio handiaren 70. urteurrena betetzean». Ebakuazio haietako dokumentazio zati handi bat Salamancan bahituta dituzten dokumentuen artean da, Lakuak azaldu duenez.
Iaz egindako eskaerari erantzunik ez diotela eman salatu du Ibarretxerren Gobernuak. «Espainiako Gobernuak ez du 16 hilabete horietan inongo erantzunik eman, nahiz eskaera ofiziala egin eta Eusko Legebiltzarrak bide bereko beste eskaera bat onartu eta egina izan».
Lakuako Gobernuak nabarmendu duenez, Kataluniako Generalitatearen dokumentazio bahitua itzultzeko Legea prestatzen ari zirenean, Zapaterok Gorte espainoletan esan zuen «jakina Kataluniarako balio duenak berdin balio duela euskal erakundeetarako». «Carmen Calvo Kultura ministroa Generalitateko agiriak itzuli zituzten egunean Euskadin zen, eta pozik azaldu zen: `Salamancako paperak, behingoz, egon behar duten lekuan daude. Harro naiz herri honen historiarekin egin beharrekoa egin duen gobernuko kide izateagatik. Bere garaian bahitutako dokumentuak itzuli egiten dira'», gogorarazi du Lakuak.
Alde horretatik, Errepublika garaian existitzen ziren gobernu autonomikoetatik agiriak Salamancan bahiturik dituen bakarra Lakua dela adierazi zuten. Izan ere, iazko urtarrilean eraman zituzten Salamancatik Kataluniara «Gerra Zibilean» bahitutako dokumentuak liskar zenbaiten ostean. Salamancako alkatea agiriak lekualdatzearen aurka agertu zen, eta haiek eramaten ez zuela utziko esan zuen. Azkenean, iskanbila eragozteko gauez atera eta eraman zituzten Kataluniara.
Rodriguez Zapaterok Kataluniako dokumentuen harira sortutako liskarretan aipatu zituenak ekarri ditu gogora Lakuak: «Kataluniarako balio duenak berdin balio du euskal erakundeetarako».