GARA > Idatzia > Real Sociedad

Proiektu berria

Harrobiaren alde egingo du Salva Iriartek

Realak kirol zuzendaria aurkeztu zuen atzo. Etxera itzuli dela esan du Salva Iriartek, eta egoera konplexuari eta zailari aurre egiteko esfortzua, lana eta emaitzak ziurtatu ditu beasaindarrak.

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Realak Salva Iriarte aurkeztu zuen atzo eguerdian taldeko kirol zuzendari gisa. Anoetako prentsaurreko aretoan eginiko aurkezpenean, beasaindarrak bere asmoak erakutsi zituen Maria de la Peña zuzendariarekin batera.

Etxera itzuli dela aipatu zuen. «Badakit proiektu konplexua eta zaila dela, baina itxaropentsua aldi berean», esan zuen. Bere aurkezpenean Iriartek harrobiaren garrantzia nabarmendu zuen. «Talde txuri-urdinaren nortasuna eta balioak berreskuratu behar dira eta, horretarako, Zubietatik ateratako jokalariek osatutako oinarri sendo bat lortu behar da», azaldu zuen.

Horrekin batera, gehienez bost atzerritar fitxatzeko asmoa duela adierazi eta taldean izan behar duten jokaera azaldu zuen: «Kanpokoek harrobiko jokalarien hazkundea laguntzeko konpromisoa hartu behar dute». Kirol politika horrekin taldearen jarraitutasuna lortu nahi du. Beraz, harrobia indartzea eta jokalarien konpromisoarekin lan egitea gustatuko litzaioke kirol zuzendari berriari.

Aldi berean, Iriartek Realaren egoeraz hitz egin zuen. Badaki lan gogorra duela aurretik: «Reala barreiaturik dago, baina ezin dugu gure artean liskarrean aritu. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu egoera hobetzeko».

John B. Toshacken itzalaz galdetzean, Iriarte oso zintzo aritu zen: «Berarekin harremanetan nago. Reala barru-barrutik bizi duen pertsona da». Toshackek ez bezala, Galesekin jadanik konpromisorik ez duela aipatu zuen beasaindarrak.

Beste alde batetik, kirol zuzendaria fitxatzeei buruz aritu zen. Lehenik eta behin, beharrak aztertu behar dituela jakinarazi zuen. «Buruan hainbat jokalari ditut, baina taldearen premiak aztertu nahiko nituzke lehendabizi», azaldu zuen.

Realeko kirol arduradun nagusiak ez du erabakirik hartu oraindik transferitu daitezkeen hainbat jokalariren inguruan, hala nola Novo, Gerardo, Juanito eta Rivas. Savio brasildarrak utzitako hutsunearen inguruan ez zuen postu hori betetzeko izenik aipatu, baina agerian utzi zuen ezker hegalean jokalari baten premia sumatzen duela.

Aurrealdean, berriz, Morten Skoubo Danimarkako jokalariaren alde egiten du beasaindarrak. Denboraldi txarra izan du daniarrak Akilesen orpazurdan lesioa eta hernia diskala izan baititu. Arazo horiek zelaitik kanpo utzi dute aurrelaria hainbat hilabetez, baina ez dirudi kirol zuzendaria fitxatzerik egiteko prest dagoenik.

Garrido eta Prieto fitxatzeko Athleticen interesa dela-eta, Maria de la Peña presidenteak Bizkaiko taldearekin duen harremana aipatu zuen: «Realak ez du inoiz Athleticekin harremana eten, beraz, normal jardungo du». Iriartek ere hitz batzuk egin zituen gai horri buruz. Bere asmoa bi jokalariekin hitz egitea da. «Lehenik eta behin berekin hitz egitea gustatuko litzaidake zer sentitzen duten jaki- teko. Hortik aurrera, erabakiak hartuko genituzke», esan zuen.

Chris Coleman

Atzoko aurkezpenean Salva Iriartek Toshackek fitxatu duen entrenatzaileaz hitz egin zuen. Fullham talde ingelesean egondakoa da Chris Coleman galestarra. «Jokatzeko estiloa asko gustatu zait. Fullham jokatzen ikusi nuenean, talde horretan entrenatzaile interesgarria zegoela pentsatu nuen», aipatu zuen Iriartek. «Ingalaterrako etorkizun onena duen entrenatzailea da. Beste talde indartsu batzuen eskaintzak zituen. Beraz, zortea eduki dugu Realean edukitzeagatik», gehitu zuen.

Galestarraren estiloa oso zuzena da, Ingalaterrako futbol estiloaren antzera. «Aurkarien atea begiratzen du eta bizkarra ondo zaindu. Horrek ez du esan nahi baloia edozein modutan ibiltzen duenik. Ez da gaur egun tiki-taka esaten den hori. Hau da, bere estiloa ez da baloia hainbat alditan ukitzea. Era zuzenagoan jokatzea gustuko du Chris Colemanek», esan zuen.

Beste alde batetik, Iriartek jakinarazi zuenez, entrenatzaile berria bihar iritsiko da Donostiara, eta ostegunean aurkeztuko du talde txuri-urdinak.

Bestalde, lehendabiziko taldeak hilaren 16an hasiko du denboraldi-aurrea. Iriartek jakinarazi zuenez, hiru partida jokatzeko asmoa du, Herbehereetan hain zuzen ere, abuztuaren 3an, 8an eta 11n.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo