Ibarrola eta Etxeto erraz gailendu dira Elhinan
J.L. | ARMENDARITZE
Inor gutxik uste zuen Ibarrolak eta Etxetok horren erraz irabaziko zutenik Armendaritzeko Elhina Torneoa. Txapela janztea ez da ezustea, baina bai emaitza, 40 eta 18 menderatu baitzituzten Waltari eta Kurutxari.
Ibarrolak eta Etxetok sekulako norgehiagoka egin zuten, eta horrelakoetan zaila izaten da aurkariek ezer asko egin ahal izatea.
Partidaren gakoa botean egon zen, Ibarrolak 16 kintze egin baitzituen hasierako jokaldiarekin, eta horrenbeste tanto sakez sartzen badira, oso zaila izaten da garaipenak ihes egitea.
Ibarrolak hasierako jokaldiarekin asmatzen badu, min handia egiten du, eta hori gertatu zen. Atzean, gainera, Thierry Etxeto izan zen. Gaur egun sasoirik handiena duen atzelaria da, eta herenegungo finalean aurkaria erabat menderatu zuen.
Aurrean, berriz, ezer gutxi egin ahal izan zuten Waltarik eta Kurutxarik. Kubatarrak hiru tanto bakarrik egin zituen sakez, eta Kurutxarik ezin izan zuen inoiz Etxeto gainditu.
Ibarrola eta Kurutxari izan dira lehiaketa horretako pilotaririk onenak, eta horretan ez dago inongo zalantzarik, jokatu dituzten bi partidetan 28 kintze bakarrik hartu baitituzte.
Bigarren Mailako finala ere jokatu zuten, eta final nagusiko emaitza bera izan zen. Dufourg eta Lanbert nagusitu ziren, 40 eta 18 irabazi baitzieten Belaskaini eta Ducasssouri.