GARA > Idatzia > Errugbia

Emakumezkoak

ASB ezustean hartu, eta Getxo nagusitu da Mungian

Baionarrak izan ziren torneoko onenak; ez zieten finalera bitarte puntu bakar bat ere egin, baina lehiaketako azken partidan nahasi ziren

Jon LEUNDA | MUNGIA

Getxok eman zuen ezustekoa larunbatean Mungian jokatu zuten emakumezkoen zazpikako torneoan, finalean ASB Baionako taldeari irabazi baitzion. Ordura arte aritu zen talderik onena menderatzeko gai izan zen Getxo.

Mungiakoa da Euskal Herrian emakumezkoetan jokatzen den lehiaketarik onenetakoa, nahiz eta zazpikakoak ezer gutxi duen ikusteko hamabostekoarekin. Izan ere, zelaia eta arautegia berak dira, baina zazpi lagun besterik ez dira aritzen talde bakoitzean, eta iraupena ere txikiagoa dauka.

Hasieran hamabi talde ziren izatekoak, baina Cisnerosen bigarren taldeak eta Barbariansek huts egin zuten, eta hamarrean geratu zen lehiaketa. Horiek hala, taldeak bi multzotan banatuta geratu ziren, eta bakoitzeko onenak sailkatu ziren finala jokatzera.

Goiz osoan eta arratsaldeko lehen orduetan izan ziren norgehiagokak, eta iluntzean heldu zen finala jokatzeko tenorea.

Lehen fase horretan ASB Baionako taldea izan zen onena. Gutxitan aritzen da zazpinaka jokatzen, baina gainerako taldeei alde nabarmena kentzen ziela ikusi zen.

Berde-moreek aise irabazi zituzten partidak, eta ez zuten puntu bakar bat ere jaso. Horrek garbi uzten du zer-nolako aldea zegoen. Hasi aurretik irabazteko faboritoak ziren, eta erakustaldi hori eman eta gero, oraindik eta garbiago zegoen zein izango zen faboritoa.

Beste multzoan, berriz, Getxok lehen fase bikaina egin zuen. Bizkaitarrek multzoko lehen tokia eskuratu zuten, eta horrekin batera finala jokatzeko txartela.

Bizkaitarrak eta lapurtarrak

Finala ikusteko jende dezente batu zen, eta hantxe neurtu ziren Getxo eta ASB. Lapurtarrak ziren irabazteko faborito, eta markagailuan ere aurrea hartu zuten transformatutako entsegu bati esker. Baina bizkaitarrek horri buelta eman zioten, hiru entsegu egin, eta 15-7 irabazi zuten. Mungiako torneoa bereganatu zuten honela.

ASB taldeko jokalariek finalean eman zuten mailarik txarrena. Agian konfiantza handiegia izan zuten, eta horrek ez zien mesederik egin. Horrez gainera, epailearekin ere haserre samar ibili ziren, eta nahikoa nahasita aritu ziren. Hala eta guztiz ere, Getxok lortutako garaipenari ezin zaio inongo aitzakiarik jarri, amaieran merezita irabazi baitzuen.

Txapelketa amaitutakoan, talde guztiak gustura agertu ziren, eta denek argi eta garbi utzi zuten beharrezkoa dela horrelako lehiaketak antolatzea.

Maila oso ona

Mungian jokatu duten emakumezkoen errugbi lehiaketa horretan maila oso ona izan da. ASB eta Getxo talderik onenak izan badira ere, gainerako taldeek ere goi mailako jokoa egin dute, eta ikuskizun bikaina eman.

giro aparta

Guztiaren gainetik giro bikaina izan zen nagusi Mungiako lehiaketan. Bai zelaian, baita handik kanpo ere. Eguraldiak ere ongi lagundu zuen, eta garbi geratu zen horrelako lehiaketak beharrezkoak direla emakumezkoen errugbia bultzatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo