GARA > Idatzia > Ikusmira

Mundua ez dela segurua baieztatu ahal izan da Yemenen eta Britainia Handian

Euskal herritarrak eta katalanak biltzen zituen espedizio bati eraso zioten atzo, Yemengo hiriburutik 190 kilometrora. Zazpi turista eta bi gida yemendar hil, eta beste sei turista zauritu zituzten, ekintzaile suizida batek egin omen zuen atentatuan. Erasoan hildakoak eta zauritutakoak izan ziren eta hori ondorio benetan tamalgarria da. Horrez gain, erasoak Mendebaldeko gizartearengan eragin handia izan dezake. Batez ere, Britainia Handiko hainbat tokitan joan den asteburuan egon diren atentatu-saiakeren ondorioz sortutako alarma-egoeraren segidan gertatu delako. Izan ere, gertakariok geografikoki hain urrun eta sistema politikoari eta gizarteari begiratuta hain desberdinak diren bi estatutan izanda ere, mundu osoan erabat zabalduta dagoen segurtasun ezaren sentsazioa modu berean areagotzen dute. Atentatua gertatu eta berehala, Yemen bisitatu nahi duten turistak ohartarazteko eman izan dituzten abisuen berri zabaldu zen. Nonbait, Yemen ez da oso leku gomendagarria, ez omen da segurua. Baina, ez soilik Yemen, mundu osoan ez dago toki segururik.

Gerrak eta gatazkak bost kontinenteetan izaten dira, egunero gertatzen dira atentatuak, bonbardaketak, hildakoak, zaurituak... baina haien ondorioak ez dira egunero iristen Mendebaldeko herrietako kaleetara edo, kasu honetan gertatu den bezala, etxeetara. Horregatik oihartzun handiagoa izaten dute Britainia Handiko edozein kaletan gerta daitezkeen eraso «terroristek» edo Yemenen izandako biktimek, eguneroko afganistandar, irakiar, palestinar... biktimek baino, nahiz eta azken horiek askoz ugariagoak izaten diren.

Normala da hala izatea, baina ez saminak ez beldurrak ez luke Mendebaldeko gizartea itsutu beharko. New Yorkeko irailaren 11ko atentatuen ondoren galdera bat zabaldu zen estatubatuarren artean: «Zer egin dugu guk horrelako gorrotoa sorrarazteko?». Alta, harrezkero, agintari estatubatuarrek eta haien neurriak bultzatu eta lagundu dituzten munduko agintari guztiek, galdera horri erantzuna ematen saiatu beharrean, ustezko segurtasunaren izenean, kontrol eta zigor neurriak zorroztu eta, bide batez, guztion askatasunak gehiago murriztu dituzte.

Horrela jarraituz gero, munduan ez da egongo askatasunik, ez eskubiderik, eta, are gutxiago, segurtasunik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo