GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kartzelarainoko protestarekin Xabi Errea askatzeko eskatu dute Iruñean

Astelehenero bezala, Iruñeko Mercaderes kaleko elkarretaratzean, Xabi Errea askatzeko eskatu zuten. Ondotik manifestazioa izan zen kartzelaraino eta, txalapartaren doinuarekin ba-tera, okupazioaren aldeko eta espetxeen kontrako aldarrikapena ozen entzun zen.

Jasone MITXELTORENA |

Xabier Errea gaztea joan den otsailaren 10etik Iruñeko kartzelan dago, eta geroztik hura askatzeko aldarrikapen eta mobilizazioek ez dute etenik izan. Astelehenero egiten duten moduan, atzo ere hainbat gazte bildu ziren Mercaderes kaleko elkarretaratzera. «Okupazioa ez da delitua. Xabi Errea askatu» zioen pankartaren atzean bildutakoek manifestazioa egin zuten segidan, eta kartzelaraino eraman zuten aldarrikapena.

Iruñeko Auzitegiaren eta kartzelako pareten artean dagoen zabalgunean bildu ziren manifestariak, eta presoei zuzendutako txalaparta saioaren ondoren, adierazpenak egin zituzten. Han elkartutakoek salatu zutenez, udaltzainen, haien buru Simon Santamariaren, UPNren eta Fermin Otamendi epailearen artean egindako muntaia batengatik dago Errea kartzelan.

Izan ere, 29 hilabeteko zigorra jarri diote epaiketan frogatzerik izan ez zuten udaltzain baten kontrako ustezko eraso batengatik. Ez da kasu bakarra; manifestariek azaldu zutenez, Yolanda Barcinak azken zortzi urte hauetan egindako politikan sartzen da. Horren ezaugarri nagusia «herri mugimenduaren kontra planifikaturiko errepresioa gero eta bortitzagoa eta zorrotzagoa» izan dela adierazi zuten.

Alkateak abiatutako ekintzen artean, txosnak debekatzea eta Corte Ingles eraikitzea, aparkalekuak egiteko lur-azpiak pribatizatzea eta horren ondorioak -Gaztelu plazako aztarna arkeo- logikoak suntsitzea -, auzoetako jaien eta euskararen aldeko ekitaldien kontrako erasoak eta Gizalegegabeko Ituna delakoa ezartzea aipatu zituzten

Dena den, errepresio nabarmenena okupazioaren mugimenduaren kontrakoa izan dela ohartarazi zuten manifestariek: Euskal Jai gaztetxea bota zuten eta geroztik bertze 23 hustu dituzte Iruñerrian; horietan 299 pertsona atxilotu dituzte eta 32 gazteri kartzela zigorrak ezarri dizkiete. Gainera, Kartzelan Erreari egiten dioten errepresioa salatu zuten, baita bisitak mugatu dizkiotela ere. Etorkizuna gazteena dela adierazi zioten Iruñeko alkateari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo