GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bortxaketen inguruko sentsibilizazio lana ezinbestekotzat jo dute

Bortxaketen aurkako Emakumeen Kolektiboak Baionako Udalak jaien inguruan abiaturiko kanpaina baloratu zuen atzo. Hori ontzat eman bazuen ere, emakumeen gaian heziketa arazo nagusi bat dagoela nabarmendu zuen. Eta horretan lan egitera deitu zuen atzo.

Ainize BUTRON |

2007ko abuztuaren lehen astean izango dira aurtengo Baionako bestak. Oraindik hilabete eskas bada ere, iaz geroztik emakumeen bortxaketei aurre egiteko Udalak sorturiko lan taldea eta horrek hartuko dituen neurriak aipagai izan dira azken garaiotan.

Baionako Udalak ez du oraindik zehaztu abiatuko duen kanpaina. Baina, neurrien artean, bortxaketen aurkako komunikazio kanpaina, emakumeak babesteko ostatu eta elkarteen kokapena, ostatuetan komunak irekirik atxikitzeko eskaera edo ostatuetatik zabaltzen den musika mugatzea aipatu dituzte, besteak beste.

Komisio horretan lekuko bi elkarte feministak dute ordezkaritza. Atzo, bi horietako batek, Bortxaketen aurkako Emakumeen Kolektiboak, bere kabuz, herriko jaietan eginen duen kanpainaren berri ematerakoan, neurriak baloratu zituen. Eta Udalak abiaturiko lana ontzat eman zuen. «Arazoa behingotz kontuan hartua izan da eta, hein batean, landuko da. Alor horretan egin den lana ez da kontuan ez hartzekoa», aipatu zuen Maider Etsoan Kolektiboko kideak. Baina segurtasunari loturiko neurrietatik at, urte osoko herritarren konzietziazioa ere landu behar dela nabarmendu zuen Etsoanek. «Milioi bat lagun karriketan direlarik segurtasuna ezinbestekoa da baina, horrez gain, herritarrak ere sentsibilizatu behar dira. Eta segurtasunaren ardura duten agenteak gai berezi horri buruz trebatu behar direla uste dugu», azaldu zuen.

Urte osoko arazoa

Horrenbestez, Baionako jaiei buruzko eztabaida antolatzea proposatu zuen kolektiboak. «Herriko Etxeak hitzaldiak antolatzen ditu urtearen buruan. Horien karietara, hainbat arlotako eragileekin bortxaketak eta besten inguruko gaia jorratzen ahalko lukete. Gertakari horiek arazo nagusi bat jartzen dute mahai gainean, hots, zer jai mota bultzatu nahi dugun. Segurtasuna indartuta ez dira herritarrak sentsibilizatzen», nabarmendu zuen Etsoanek.

Horretaratu arte, Kolektiboak afixak jarriko ditu ostatuetan eta informazio eskupaperak ere banatuko ditu. Baina, herriko jaiei loturiko gertakarietatik at, bortxaketen gaia urte osoan dagoen arazo bat dela gogorarazi zuen Kolektiboak. Elkartea 2002ko asteburu batez Baiona Ttipiko auzoan izandako bortxaketa baten ondorioz sortu zela gogorarazi zuen.

«Horrek argi adierazten du bortxaketak ez direla herriko jaietan soilik gertatzen. Arazoa urte osokoa da. Gure ustez prebentzioa urte osoan egin behar da. Argi da heziketa arazo bat dagoela, eta lekuko agintari politikoak horretaz jabetu behar dira», bukatu zuen.

17 urteko neska bat bortxatu dute Hazparneko jaietan

Joan den astean iragan dira Hazparneko jaiak. Astebete igaro bada ere, atzo jakinarazi zuten asteazken eta ostegun bitarteko gauean 17 urteko Baionako neska gazte bat bortxatu zutela. Ostegun goizean lekuko Jendarmeriara joan zen gertakaria salatzeko eta, berehala, Hazparneko 27 urteko mutiko bat atxilotu zuten poliziakideek. Mutikoa duela bi urte bizi zen Hazparnen eta atxilotu bezain laster, neska berak bortxatu zuela ukatu zuen. Bestalde, ikerketa abiatu du Jendarmeriak eta atzo Baionako Auzitegian mutikoa epaitzekotan ziren. Emazteek Diote Hazparneko emakumeen elkarteak gertakaria salatu zuen eta atzo, arratsaldeko sei eta erdietan, elkarretaratzea egin zuen herriko elizako plazan. Hazparnen gertatutakoa aipatzeaz gain, elkarretaratzea baliatu zuen elkarteak azken hilabeteotan izandako bortxaketa eta hilketak salatzeko. Bortxaketen aurkako Kolektiboak Hazparneko jaietan gertatutakoa ere ekarri zuen gogora atzoko prentsaurrekoan. Izan ere, Baionako bestetan hartuko diren neurriak aipagai diren une honetan, gizarte arazo nagusi bat dagoela nabarmendu zuen. Beraz, heziketa lana Baionako bestetan baino areago, urte osoan egin beharreko lana dela esan zuen Kolektiboak .

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo