GARA > Idatzia > Ekonomia

Larrungo treneko langileek besteek dituzten eskubide berberak izan nahi dituzte

II. Mundu Gerrako legeak arautzen du oraindik langileon lan-iraupena. CFDTk legea aldatzeko eta gainerako langileen eskubideak aitortu diezaietela eskatu du. Gatazkaren gainetik negoziazioa lehenetsiko du.

Arantxa MANTEROLA |

Euskal herritar eta kanpotar askok ezagutuko du Sarako San Inazio lepotik Larrun mendi gainera iristen den tren berezia. Alta, oso gutxik jakingo dute bertan lan egiten duten langileek besteek baino gutxiago irabazten dutela jarduera ekonomiko berezi hori II. Mundu Gerrako lege batek arautzen duelako.

CFDT sindikatuko ordezkariek atzo jakinarazi zuten zenbait enpresatan, Larrungo Tren Txikian adibidez, ez dutela gainerako lantegietan aspalditik ezarria dagoen 35 lan-orduko astearen arautegia betetzen, oraindik, 1940an, okupazio alemanarren garaian, Vichyko Gobernuak ezarritako legea indarrean dagoelako. Horren arabera, lekuko intereseko trenbideak (VFIL) Lan Kode arruntetik at geratzen dira eta 39 orduko lan astea dute oinarri.

Legea ezabatu

Estatuan CFDTk behin baino gehiagotan eskatu omen du beste esparruetako garraio bereziak ere (ski estazioak, ibaietako garraioak...) ukitzen dituen lege hori ezabatzeko, baina Jean-Baptiste Etcheto Euskal Herriko sekzioko idazkariaren esanetan, ez dute oraindik ezer lortu.

Horregatik, berriro ere eta Asanblea Nazionala eraberritu den honetan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko diputatu guztiei idatzi diete legea lehenbailehen alda dezaten.

Larrungo 20 langileek gainerako langileen eskubide berberak izan ditzaten, zirrikitu legala hitzarmenean adostea da. Horixe da, hain zuzen ere, langileok eskatzen dutena. Georges Perruquety enpresa kudeatzen duen pertsonarekin harremanetan jarriak dira, eta, Daniel Sallaberry eta Txomin Larzabal bertako langileen ordezkariek adierazi dutenez, enpresak negoziatzeko jarrera irekia azaldu du.

Trenaren jarduera nagusiak martxotik azaroa arte irauten badu ere, urteko egutegian hedatzen dituzte lan-orduak eta «beti dago zer egina mantenimenduan eta beste zereginetan».

Sasoi betean, berriz, ia 60 orduko lan asteak egitea egokitzen omen zaie batzuetan. Ez dute, haatik, lan-orduen murrizketa eskatzen, aparteko lan-orduak 36tik kontatzen hastea baizik, eta 35 orduko legea indarrean jarri zenetik zor zaiena kitatzea.

Negoziatzea helburu

Beren nahia akordio bat hartzea da. Dominique Pesquey Akitaniako CFDTn garraioaz arduratzen den ordezkariak adierazi zuen: «Guk negoziatzeko borondate osoa dugu eta hori eskatzen dugu. Ez da gure asmoa gatazkara heltzea non eta beharrezkoa ez bada gertatzen».

Diputatuez gain, Jean-Jacques Lasserre Kontseilari nagusiari ere idatzi diote gaiak berak ordezkatzen duen erakundearekin zer ikusia duelako. Izan ere, Larruneko trena ondasun publikoa da nahiz eta, zerbitzu-kontratu baten bitartez, kudeaketa pribatua den. Sindikatuak gaiari hel diezaiola eta irtenbidea emateko inplikatu dadila eskatu dio.

Gauza bera egin du Sarako Herriko Etxearekin; izan ere, trena udalerri horretan dagoenez, Kontseilu Nagusiak jasotzen duen etekinaren %30etik %10 jasotzen baitu. Larrungo Tren Txikia enpresa ekonomikoki osasuntsu dago eta urtero etekinak izaten ditu.

35 ORDU

Vichyko Gobernuko legepean daude mota horretako garraioetan lan egiten duten langileak. Larrungo treneko langileek gainerakoen lan iraupena (35 ordu asteko) aplika diezaieten nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo