GARA > Idatzia > Gutunak

Arantza urkaregi EAE-ANVko Bizkaiko Batzar Nagusietako hautetsi guztien izenean

Bizkaiko BBNNetan ere demokrazia zero!

Gaur, Gernikan, EAJko Jose Luis Bilbao hautatuko dute Bizkaiko Ahaldun Nagusia. Baina jasoko duen babesak ez ditu adieraziko bizkaitarrok maitzaren 27an emandako bozak. Hauteskundeetan, Bizkaian, EAE/ANVko zerrendek 72.000 boz lortu zituzten, eta horien arabera, bost batzarkide ditu EAE/ANVk. Baina Espainiako Alderdien Legearen aginduz, horietatik lau «ilegalizatu» zituzten, «legalki» BBNNetan EAE/ANVko batzarkide bakarra egonik. Lau horiek EAJ/PNVk eta PSE-EEk eskuratu dituzte erdi bana. Bizkaiko BBNNak bizkaitarrek emandako bozen arabera osatu ahal izateko, gure aldetik egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira. Berdin du Alderdien Legearen defendatzaile sutsua den PSE-EE edota hitzez Alderdien Legearen kontra dagoen EAJ/PNV, biek muzin egin diote bizkaitarren borondatea errespetatzeari eta beren poltronei eutsi diete.

Are gehiago, ez daude prest guztiz legitimoak garen EAE/ ANVko bost batzarkideen jarduera instituzionala errazteko. Aitzitik, akreditazioaren bila joan ginenean publikoa den eraikinera binaka sartzeko agindua eman ziguten; eta Batzar Nagusiak Gernikako Juntetxean eratu zirenean, guztiok presente egotea ere debekatu ziguten eta gonbidatu gisa sartzeko izan genituen bi batzarkideek eta «legala» den batzarkideak «Demokrazia Zero» egoera salatu genuenean kanporatuak izan ginen.

Argi dago, oso eroso sentitzen dira beraien poltroietan, ahalik eta oposizio gutxiago izanda, herritarren borondateaz hitz eginez, baina beraien bozak errespetatu gabe. Batzarkide-taldeen osaketan oso ondo ikusi dugu nola EAJ, PSE-EE, PP, EB eta Aralar alderdiek «legalitatea» beren interesen arabera aplikatzen duten. Ezin dituzte EAE/ANVko ordezkari guztiak «legal»tzat hartu, baina bai baimentzen dutela «aliantza estrategikoa» omen zen EB-Aralar batzarkide-taldea bitan banatzea, nahiz eta araudiak kontrakoa esan.

Jose Luis Bilbaok azken lau urteotan izandako kudeaketa saldu nahi izan digu hauteskunde kanpainan eta segur aski ere horrela egingo du gaurko diskurtsoan. Baina jokoan dagoena ez da kudeaketa hutsa.

EAE/ANVko batzarkide-taldekook lanean ari gara bestelako Bizkaia eratu nahi dugulako: Alokairuzko etxebizitzak, dauden eskaerei erantzungo dieten giza-laguntza nahikoak, zerbitzu sozialen sare publikoa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko neurriak, enplegu duina sustatzea... eta horrelakoak dira gure lehentasunak.

Bizkaitar guztien eskubide guztiak bermatzeari lehentasuna eman eta aurrera eramaten ari diren proiektuak (Super Sur, AHT, Zabalgarbi, eta abar) geldiarazi, bizkaitarron artean erabaki ahal izateko gure lurra nola antolatu nahi dugun, zeintzuk diren behar ditugun azpiegiturak eta zeintzuk ez. Zerbitzu sozialen pribatizazioari Stop esango dion Bizkaia da behar duguna. Eta noski, aberastasuna birbanatzeko zerga-politika ezberdina behar da, orain arte eramandako kontrako bidea markatuko duena, hau da, sozietate-zerga jaitsi baino, gehien duenak gehiago ordaintzea eskatuko duena, Bizkaian bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko neurri sozialak hartzeko dirua egon dadin.

Bestelako Bizkaia, Euskal Herrian kokatuta eta gure herriak bizitzen duen gatazka politikoa konpontzeko bidea zabaltzen lagunduko duena. Bizkaiko BBNNek, instituzio gisa, bazterketarik gabeko elkarrizketa bultzatu beharko lukete, elkarrizketan eta akordioan guztion artean adosteko Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko errepide-mapan adosteko, azken hitza beti euskal herritarrek izanda. Gehiengo sozial zabalak gatazka konpontzeko bidea elkarrizketan kokatzen du eta ordezkari politikoek bide horri ekiteko gai izan behar dugu. Hori da behintzat EAE/ANVko batzarkide-taldearen konpromisoa, gatazka konpontzeko prozesua bultzatzea eta gure herria benetako agertoki demokratikora eramateko ahaleginak egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo